Joan zen ekainaren 4an, Marie Curie bekak aurkezteko jardunaldian, Euskadik zientzia-politikan dituen erronkak ere jakinarazi ziren. Honela, Miren Begoñe Urrutiak, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikaren zuzendariak, nabarmendu zuen pertsonak direla Euskadiko zientzia-politikaren ardatza. Guztira 80 pertsonak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman dauden askotariko eragileen ordezkariek, parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek antolaturiko jardunaldian. Gainera, bertaratuetako 11k aukera izan zuten Europako Bulegoko National Contact Point-ekin hitz egiteko, beren proposamenak berrikusi eta zalantzak argitzeko.
6.162 milioi eurorekin 2020ra arte, Marie Sklodowska-Curie ekintzak Europako Batzordearen laguntzak dira edozein adin eta nazionalitateko ikertzaileentzat, eta Europan lehiakortasuna areagotzeko bikaintasuna eta berrikuntza sustatzea dute helburu. Cristina Gómezek, Europako Bulegoko National Contact Point-ekoak, azaldu zuenez, ikertzaileari fase guztietan laguntzea da ekintzen helburua.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendariak, Miren Begoñe Urrutiak, Euskadik 2014rako dituen erronkei buruz hitz egin zuen. Horien artean hazkunde-erritmoa mantentzea nabarmendu zuen (Europako batez bestekoa baino handiagoa), 7.000 zientzia-argitalpenetara iristea eta Espainiako eskualdeen rankingean hobetzea, 7. tokitik 4. tokira igaroz. Hori pertsonen bidez lortu daiteke, Euskadiko zientzia-politikaren ardatza baitira.
Bestalde, Iñigo Atxutegik, Ikerbasqueko zuzendari nagusiak, adierazi zuen Zientziarako Fundazioak 147 ikertzaile senior dituela eta 2017rako 300 izatea duela helburu. Gaur gaurkoz Ikerbasquek erabakia du 305 ikertzaile hartzea Euskadin.
Bestalde, Ana Fernandezek, BCBLkoak, eta Nora Aranberrik, UPV/EHUkoak, beren ikuspegia eman zuten beken harrera-zentro eta ikertzaile gisa, hurrenez hurren. Europako beste programa batzuetan ikerketa-taldeen lehiakortasuna hobetzea, diziplinarteko ezagupen berriak lortzen laguntzea eta ikertzaileen ahalmena garatzea dira, Anak nabarmendu zuen bezala, host gisa parte-hartzearen onuretako batzuk. Bestalde, Europa barruko mugikortasunaz eta ikerketa-proiektu integral baten lider izateko aukeraz hitz egin zuen Norak.
Tecnaliako Mikel Emaldik, bere ebaluatzaile-posiziotik, proposamen arrakastatsu bat nola prestatu azaldu zuen. Deialdietan parte hartzera animatzeaz gain, MSCA proposamenen ebaluatzaile izateko aurkeztera animatu zuen jendea.