BUILD (Bilbao Urban Innovation and Leadership Dialogues – Bilbo Hiri Lidergo eta Berrikuntzari buruzko Elkarrizketak) foroa, German Marshal Fund of the United States (GMF) delakoak antolatua, gaur arratsaldean Innobasquera etorriko da, zuzen-zuzenean ezagutzeko euskal berrikuntzaren egungo egoera. GMF Bilbon ari da egiten hilaren 11tik eta bihar arte goi-mailako topaketa hau, non Estatu Batuetako eta Europako toki-liderrak estrategiak eta ikuspegiak eztabaidatzen ari diren hirietako berrikuntza eta aldaketaren lider izateko. Deialdi hau hiri-garapenaren arloan abangoardiako politikak aztertu eta planifikatzera bideratuta dago.
Innobasquera etorri baino lehen, biltzarkideek Tecnalia, Bidelek eta Innovation-NEXT-en instalazioak ikusiko dituzte. Gero, berrikuntzaren kulturaren sustapenean hainbat erakunderen eginkizuna aztertzeko eta horien funtsezko osagaiak zein diren jakiteko aukera izango dute. Luis Manerok, Innobasqueko programa-zuzendariak, euskal kasua zuzenduko du, eta Sean Randolph-ek, San Frantziskoko Bay Area Council Economic Institute-ko lehendakari eta zuzendari nagusiak, Kaliforniako kasuaren berri emango du.
Goi-bilera honetan itun estrategikoak eta lankidetza-sareak ezarriko dira Estatu Batuetako eta Europako hirien artean. Build foroa funtsezko topaketa ari da gertatzen jardunbide egokien eta arrakastazko esperientzien eztabaida eta trukea bultzatzeko, horien artean Bilboren eraldaketa arrakastatsua eta hiria berroneratzeko proiektua aztertu direlarik. Hain zuzen ere, GMFk lankidetza-akordioa izenpetu du Bilboko Udalarekin, egoitza iraunkor bat jarri duelarik hiri horretan.
Parte hartu duten 116 liderretatik, %53 Estatu Batuetakoak dira, %25 Euskadi eta Espainiakoak, eta %22 gainerako Europakoak. Adituen artean, Estatu Batuetako Atlanta, Detroit, New York, Cleveland eta Charlotte hirien eta Europako Birmingham (Erresuma Batua), Amsterdam (Herbehereak) eta Nynasham (Suedia) hirien udal ordezkariak daude, besteak beste. Baita ere bertan izan dira Janet Lamkin, Bank of America California-ko lehendakaria, Angela Glover, PolicyLink Plenary-ren sortzailea, Mitchell Silver, New York City-ko Parkeen saileko mandataria, eta Rip Rapson, Kresge Foundation-eko lehendakaria. Unibertsitate-eremutik Kaliforniako Unibertsitate, Texaseko Unibertsitate, Bukaresteko ‘Ion Mincu’ Arkitektura eta Hirigintzako Unibertsitate eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariak daude, beste irakaskuntza-erakunde batzuen artean. Europako Batzorde, Federal Reserve Bank of Chicago, Forum Virium Helsinki eta Detroit Future City eta Innobasque erakundeen ordezkariak ere bertan izan dira, besteak beste.
Hiria berpiztearen adibide gisa, Build-eko parte-hartzaileek Zorrotzaurre ikusi dute eta Bilboko Udalak gune honetarako egin duen Plan Berezia ezagutu dute: industria-ingurune izateari utzi eta bizitegi bihurtuko da, ongi komunikatua, gizarte-ekipamendu ugarirekin eta jolas-gune zabalekin.
BUILD dela-eta egiten ari diren gizarte-ekitaldien artean, atzo, ekainak 12, osteguna, harrera ofiziala egin zitzaien Bilboko Udaletxeko Arabiar aretoan.
German Marshal Fund irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1972an sortua Alemaniak Estatu Batuei egindako ekarpen gisa, Marshal Planari ─Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuek Europari laguntzeko sortu zuten programari─ egindako omenaldi iraunkorra izateko asmoz. Bere izateko arrazoia da Atlantikoan zeharko lankidetza indartzea, eskualde, nazio eta mundu mailako estrategia eta aukerekin erlazionaturiko alderdiak indartu eta sendotzeko.