Gotzon Bernaolak, Innobasqueko programa zuzendariak, “Lankidetza publiko-pribatua: elkarrekin balio publikoa sortzea” gaiaren garrantziaz hitz egin zuen Herri Administrazioetako Kudeaketa Bikaintasunerako V. Biltzarrean egindako hitzaldian, maiatzaren bukaeran, Gasteizen. Bernaolak azpimarratu zuen “gutxik jartzen dutela zalantzan herritarren eta erakundeen arteko distantzia gero eta handiagoa dela. Bada konfiantza-arazo bat bi arrazoik eragina: herri-politikak ez dira egoki erantzuten ari gizarte-arazoei; eta kontuak ematea eskatzen dute herritarrek. Gizarte-berrikuntza, herri-politiketan aplikatua, aukera gisa agertzen da lankidetzarako era berriak garatzeko”.
Ondoren erantsi zuen, hori dela-eta, Innobasquek aliantza publiko-pribatua sustatzen duela, ohikoak ez diren eragileak sartzen dituela, ikaskuntza eta konfiantza prozesuak sortzen dituela, erabaki publikoen arriskuak gutxitzen dituela, berrikuntza-gaitasun guztiak jartzen dituela balioan (pertsona nagusiak, gazteak, GKEak, enpresak…) eta kudeatzeko eredu parte-hartzaileetara hurbiltzen dituela erakundeak.
Biltzarrean tokiko, foru, autonomia-erkidego, estatu eta nazioarteko administrazioaren zenbait arlotan kudeaketan jardunbide onak dituzten arduradunek parte hartu zuten, baita beste aditu batzuek ere. Bertaratu zen publikoak eta adituen batzordeak Mataro-ko Udala saritu zuten Herri Administrazioetako Kudeaketa Bikaintasunerako V. Biltzarrean Kudeaketako Jardunbide Onena izateagatik, herritarrei Whatsapp bidez eskaintzen dien arreta-zerbitzuagatik.