Europako programetan parte hartzeak eragin zuzena du enpresen fakturazioan, baita plantillak hazi eta finkatzeko ere, eta nazioarteko kokapen edo posizionamenduan. “I+G+b Koaderno Estrategikoa 2014-2020” delakoan agertzen denez, I+G+b finantzatzeko Europako Batzordearen VII. Esparru Programan parte hartu zuten enpresen %42k gehitu egin ditu bere langileak, Europako proiektuen emaitzak ustiatzeari esker. Gehienek ia %2 gehitu zituzten langileak bere erakundeetan. Horietatik, erdiek finkatu egin zuten enplegua beren I+G+b sailetan, eta guztien artean 252 lanpostu berri sortu dituzte azken 7 urteetan. 

Gainera, enpresen %41,2k baieztatu du bere fakturazioa gehitu egin dela Europako I+G+b proiektuetan parte hartzean lorturiko emaitzak ustiatzeagatik. Sumaturiko beste onura bat nazioarteko kokapen edo posizionamenduaren hobekuntza izan da, eta beste merkatu batzuetara irekitzea, hori enpresen %75,7k esan du, eta esportazioen hobekuntzarekin lotu dute, merkatu berrietara iristearekin eta atzerrian ezartzearekin.  

VII. Esparru Programan euskal parte-hartzearen datuak arrakastatsuak izan ziren, erruz gainditu baitziren aurrez ikusitako helburuak. Honela, 301 euskal erakundek 304 proiektutan parte hartu zuten, guztira 460 milioi euroren bidez finantzatuak. Lorturiko finantzaketa kopurua programa haren aurrekontu osoaren %0,92koa da, eta euskal ekonomiaren pisua UE-28-n %0,5ekoa da, bere BPGren arabera neurtuta. 

Horizon(te) 2020 programaren aurrekontua 79.402 milioi eurokoa da, eta Europar Batasuneko ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak finantzatzeko tresna nagusia da, benetako pizgarri zuzena ekonomiarentzat. I+G+b-ren nazioartekotzea estrategikoa da Euskadirentzat, frogaturik geratu den bezala, enpresa-ehunaren lehiakortasuna areagotzen eta enplegua eta gizarte-ongizatea sortzen laguntzen baitu. H2020 programa aukera ona da, I+G+b-n nazioarteko lankidetza sustatzeko aukera eskaintzen baitu, Europan lehiatzeko hobeto kokatze aldera. 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago