Irizar, autobusak egiten dituen Ormaiztegiko (Gipuzkoa) enpresa, 125. urteurrena ospatzen ari da, eta 1889an jaio zenetik izan duen ibilbidearen berri ematen du sortu duen web orrian. Ospakizun hau bat dator %100 elektrikoa den eta oso-osorik taldearen teknologiaz garatu den hiri-autobusaren (Irizar i2e) aurkezpenarekin.
Ospakizun hau “sendotasun eta hazkunde handiko” unean dator, 2013. urtearen bukaeran fakturazio-markak hautsi baitzituen 556 milioi eurorekin, honela bere kokapena sendotuz gama handiko autobusak egiten munduko erreferente gisa. Halaber, autobus elektrikoaren aurkezpenak aurrerapen handia esan nahi du, zeren eta uztailaren 20tik aurrera Donostia izango baita autobus elektrikoen zerbitzua inolako murrizketarik gabe izango duen Europako lehen hiria, eta horrek zerbitzu honen ezarpena ahalbidetuko du beste hiri batzuetan.
José Manuel Orcasitas zuzendari nagusiak Cleantech Innvest-entzat egindako elkarrizketan azaldu duenez, Irizar-en autobus elektrikoa proiektu “zeharo estrategikoa” da konpainiarentzat. Enpresak markaturiko ildo estrategikoarekin koherentzian garatu dute Irizar i2e autobusa, bezeroen hurbiltasunean eta autobusen fabrikazio integralak suposatzen duen marka-sendotasunean oinarrituta. Azkenik, esan behar da hiri-autobus hauen garapena taldeko enpresen eta Teknologiaren Euskal Sareko beste teknologia-zentro batzuen artean egindako elkarlanaren emaitza dela.
Hasieran familia-enpresa izan zen Irizar, baina 1963an kooperatiba bihurtu zen. Gaur egun bost fabrika ditu mundu osoan banatuta, eta beste bost enpresa bere industria-dibertsifikazioaren ondorioz; ikerketa aplikatuko eta bere produktu eta sistemen garapenerako teknologia-zentroa ere badu.