Enpresek giza eskubideak eta funtsezko askatasunak errespetatzen dituztela ziurtatzea gero eta kezka handiagoa da. Innobasqueko bazkide diren Gamesa, Ondoan, Arteche, Ingeteam eta Ormazabal-Velatia enpresek tresna bat egiten parte hartu dute, enpresei beraien jardueren ondorioz giza eskubideak urratzeko dauden benetako arriskuak detektatzen laguntzeko.
Merkatuek gero eta ebaluazio eta auditoria gehiago eskatzen dituzte Giza Eskubideen errespetua bermatzeko hornidura-katean. Gainera, Europako Batzordea ere jabeturik dago enpresen eragina arautu beharraz gai honetan.
Testuinguru honetan, Innobasque eta The Rights Factory “Berrikuntza eta giza eskubideak hornikuntza-katean” proiektua garatzen ari dira, Euskadi, giza eskubideekin sozialki arduratsu den lurralde gisa, nazioarteko erreferente bihurtzeko helburuaz.
Gaur jardunaldi bat izan da Innobasquen enpresak tresna erabiltzera bultzatzeko eta eremu honetan ekintza kolektiboa sustatzeko.
Nazioarteko jarduera duten enpresetara zuzenduta dago tresna, beren jarduera arrisku handiko herrialdeetan zertzen dutenetara. Maplecroft 2013 Giza Eskubideen Aurkibidearen arabera, Txina, India, Mexiko, Brasil, Maroko, Argelia, Egipto eta Turkia arrisku handi-handian dauden herrialdeak dira.