Azaroaren 25ean eta 26an, lan-aukera, lanez aldatzea, enpresaren bat sortzea edo beren burua prestatzea lortu nahi duten gazteek hitzordua dute Bilboko Euskalduna jauregian, Prestik-Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen enplegu-azoka izango baita bertan. Bi egunetan Lanbide Heziketako ogibideak erakutsiko dira, lan-orientazioko mahaiak, lan-poltsak, elkarrizketetarako guneak, stand guneak, ikasgela teknologikoak, tailerrak, hitzaldiak, startup academy eta elevator pitch lehiaketa. Informazio guztia esteka honetan dago ikusgai.
Xabier Álvarez, Lawesome Services-eko CEO eta Microwave Ventures-eko sortzaile-kidea, Carlos Polo, NTS Mobile eta Perpetuall-eko CEOrekin batera, eta Eduardo Elorriaga, Hermeneus World-eko CEO: horiek izango dira Startup Academy-aren mentoreak, eta saiatuko dira gazteen artean ekintzailetzarako edo negozio bat abiarazteko interesa pizten. Akademia, egun eta erdikoa, hainbat tailerretan dago egituratua, eta horietako bakoitzean ideiaren zati zehatz bat landuko da negozio bihurtu arte.
Elevator Pitch inbertsiorako lehiaketa-foroak zera lortu nahi du, beren enpresa-ideiaren negozio-plana egiten ari direnak edo duela gutxi beren negozioa martxan jarri dutenak balizko inbertitzaileen arreta erakartzeko gai izatea, 10 minutu baino gutxiagoko hitzaldi baten bidez. “Nola hitz egin inbertitzaileari?” tailer praktikoan edo lehiaketan parte hartzeko aurrez erregistratu egin behar da; epaimahaian inbertitzaileak, finantza-erakundeen eta Seed Capital Bizkaia-ren ordezkariak, inbertitzaile pribatuak izan daitezkeenak eta business angels deiturikoak izango dira.
Prestik´14 azokaren esparruan Euskadiko hamargarren GEM (Global Enterpreneurship Monitor) txostena aurkeztuko da, euskal ekintzailetza-jardueraren tasa neurtzen duena. Nazioarteko benchmarking egiterakoan, EAEko adierazle nagusiek egoera etsigarri samarra adierazten dute. Baina ekintzailetza-jarduera tasaren eta per capita-ko BPGren arteko harremana aztertzen badugu, gure portaera herrialde nordikoek edota Alemaniak berak dutenaren oso antzekoa da. Halaber, Europako herrialde nagusiekin bat dator eta ongizate ekonomiko handieneko herrialdeetara (Singapur, Norvegia eta Estatu Batuetara) hurbiltzen da. Txostenak zenbait gomendio egiten ditu, jarduera ekintzailearen ingurunea hobetzeko: finantza-laguntza, gobernu-politikak eta hezkuntza eta prestakuntza.
2014ko ediziotik aurrera, Innobasque txosten honen erakundezko bazkide izango da, hiru euskal unibertsitatetako ─UPV/EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateetako─ hogeiren bat ikertzailek egiten dutelarik.