Azken hamarkadan, negozio-proiektuek Euskadin 20.000 eta 50.000 euro arteko hazi kapitalaren premiekin hasi dituzte beren jarduerak. Bereziki, 2013an, “hazi-kapitalaren suspertze sendoa” sumatu zen, bi urtez jarraian serie historikoan erregistrorik apalenak izan ondoren. Horixe da Global Entrepreneurship Monitor CAPV 2013-tik –GEM txosten gisa ezagutzen den horretatik– ateratzen den ondorio nagusietako bat; azterketa honek 70 herrialde baino gehiagotako jarduera ekintzailea neurtzen du nazioartean.
Maribel Guerrerok, GEM CAPV-eko zuzendariak, eta María Saizek, azterketa horretako ikertzaileak, parte hartuko dute bihar Prestik-en, eta beren hitzaldian Espainia, Euskadi eta Bizkaiko jarduera ekintzailearen ezaugarri nagusiak zehaztuko dituzte. Gainera, ekintzailetzarako ingurunearen egoera aztertuko da. 2013ko edizioan, GEM CAPV proiektuak 10 urte bete zituen, etapa berri bati hasiera emanez, non Innobasque erakundezko bazkidea izango baita.
Edizio horretan bertan, GEM 2013 Txostenak Espainiarako zera nabarmendu zuen: “jarduera ekintzaileetan murgiltzeko, ekintzaileek gainditu behar dituzten oztopo nagusiak finantzaketa eskuratzea eta gobernu-politikak direla oraindik ere”. Horren haritik, txostenak iradokitzen du “pizgarriak diseinatu eta inplementatu behar direla negozio ekintzaileen hazkunderako, horiekin batera neurriak har daitezkeelarik beren berrikuntza-gaitasuna eta nazioarteko presentzia areagotzeko”. Honela, ekintzailetzaren kalitatea eta eragina hobetzen lagunduko litzateke, enplegua sortu ahal izateko.
Halaber, nazioarte mailan, GEM Global 2013 Txostenak gai berezi bat sartu zuen ekintzailetzari eta ongizateari buruz, eta ondorioztatzen du pertsona ekintzaileek ongizate-sentipen handiagoa izaten dutela ekintzailetzarik egin ez dutenek baino, eta frogak ematen ditu erakusteko krisia erantzun ezberdinak ari dela sortzen testuinguru ezberdinetan, hainbat ekintzaile mota elkarren ondoan bizi direlarik munduan.