“Berrikuntza egiteko ausardia behar da”, dio Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, Vocento taldeko Innova+ gehigarriarekin egindako elkarrizketan.
Nora iritsi behar luke Euskadik berrikuntzari esker?
Euskadi mundu globalizatuan lehiatzen da, eta hor lehia basatia da eta aldaketak argiaren abiaduran gertatzen dira ia. Ingurune hori kontuan izanda, Euskadik aberastasuna eta enplegua sortu nahi ditu, eta bere ongizate-mailak hobetu; horra iritsi nahi dugu. Garbi dago bakoitzak geure aldetik ezin dugula egin. Horregatik, enpresen, administrazioen, ikerketa- eta ezagutza-zentroen eta pertsona berritzaileen –“inkonformista konstruktiboak” deitzen ditudan horien– artean lankidetza sustatzera, eragitera eta erraztera bideratuta dago gure jarduera guztia Innobasquen. Lankidetza-eredu hau ””””lauko helize”””” gisa ezagutzen dute adituek, hori izanik, gainera, Europako Batzordeak gomendatzen duen berrikuntza-eredua espezializazio adimendunaren estrategiak hedatzeko. Gure kasuan, gure indar-guneetan ardaztu eta jarriko dugu indar bereizgarria, hau da, manufaktura aurreratuan, energian eta biozientzia-osasunean, lurraldearena gehituta. Hori esanda, ez da ahaztu behar beti ate bat zabalik utzi behar dela ustekabeko ekinbideak garatzeko. Horregatik, Euskadik jarraitzen duen espezializazio adimendunaren estrategiak %80ko espezializazioa suposa lezake, eta %20 beste ekinbide batzuetan.
Oso kezkagarria da ‘garun-ihesa’. Lortzen du Euskadik hori geraraztea? Izan ote lezake bere alde positiboa?
Talentuak zirkulatu egiten du eta berez hori ona eta komenigarria da, lehiakorragoak egiten gaitu. Europatik hori sustatzen duten ekinbide asko daude, Bologna Plana, bekak (Erasmus, Socrates, Marie Curie), baita Eusko Jaurlaritzatik ere (Global Training), ezagunenak bakarrik aipatze aldera. Talentua kudeatzen duten erakundeak ere badira eta gure lurraldetik kanpo dagoena erakartzen saiatzen dira, trukea sustatuz eta, noski, geureari hemen eusten saiatuz. Hori da indar-gune bat: euskal talentua kanpora irteteak aberastu egiten du eta ezagutza handiagoa sortzen du. Gure merkatua mundua dela ari gara esaten; ezagutzen ez badugu, eragozpen bat dugu.
Hori esanda, herrialde gisa gainditu beharrean gauden erronka handietako bat guk kanpora bidalitako talentu hori aberastuta hona berriro hona ekartzea da, eta horrek ingurune suspergarria sortzen hastea eskatzen du, gazteek beren ahalmen guztia garatu eta premiak ase ditzaten, eta bitartean geure bi milioi biztanleren garapenean jarraitzea, eta hori era iraunkorrean egitea. Hori da lortu behar duguna: gazte profesionalek beren ezagutza esporta dezatela, egin dezatela kanpoan beren ekarpena, baina gero bildu eta hona itzul daitezen lortu behar dugu, bai baitaude etorkizuneko proiektuak Euskadin gauzatzen direnak.
Horrek krisitik irteten lagunduko luke…
Jakina, berrikuntza are beharrezkoagoa da krisian zaudenean. Badirudi hau bezalako garaietan berrikuntza utzi egin behar dela eta beste gauza batera dedikatu. Zeren eta zailtasun ekonomikoa baldin badago, egiten ari garenak funtzionatzen ez duelako dago, eta egoerak hori berrikustera eta aldatzera behartzen zaitu. Horren haritik, oso kontziente izan behar dugu datozen urteetan garrantzitsua izango dela I+G+b ahalegina indartzea. Gure ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko behar dugu hori eta, hedaduraz, gure bizi-kalitatea babesteko.
Albiste ona da, krisialdi betean, Euskadik bere postuari eustea berrikuntza-rankingetan; hori adierazten dute Europako Batzordearen adierazleek. Euskadi Europako eskualde aipagarri edo “follower”en artean agertzen da, berrikuntzako liderrei jarraitzen die, eta Iberiar Penintsula osoan (Espainiako estatuan eta Portugalen) bakarra da maila nahiko onean dagoena krisialdi betean ere. Hori guztioi esker lortu ahal izan da: unibertsitate eta zentro teknologikoei, enpresa eta erakundeei… baina baita euskal gizarteari esker ere, itzalean dauden pertsona berritzaile horiei, ia oharkabean, egunero beren hondar-aletxoa jartzen baitute. Beren bizitzak izenbururik sortzen ez duten pertsonei buruz ari naiz, baina aldaketarako erresistentzia-hesiak apurtzen ahalegintzen dira, hesi horiek gainditu eta eragin lokalagoa lortzen dute, “batere txikiak ez diren” berrikuntzak egiten dituzte, liburuetako berrikuntzak bezain beharrezkoak.
Nola funtzionatzen du berrikuntzarako agentzia batek?
Ez da erraza hitz gutxitan laburtzea Innobasquen egiten duguna. Lehen esaten nuen bezala, dena lankidetza indartzera bideraturik dago, ezinbesteko baldintza baita berrikuntza egiterakoan, batez ere gurea bezalako lurralde txikietan. Zehaztu nahi nuke berrikuntza bere horretan ez dela helburua, baizik eta, deskribatu ditugunak bezalako eszenatokietan, enpresak lehiakorrak izatea bermatzen duen tresna dela. Eta kontzeptu laukoitzaz hitz egin dezakegu Innobasque bezalako berrikuntzarako agentzia batetik lan egiteko: pertsonak-erakundea-jarduerak-etorkizuna. Innobasquen berrikuntzan lan egiten duten pertsonak bilatzen, biltzen eta babesten ditugu, lauko helizetik (unibertsitate eta korporazio teknologiko, enpresa, erakunde, gizartetik), antolatzen direnak, berrikuntza- eta eraldaketa-dinamikak garatzen dituztenak (erronkak zehaztu, “bestelako” konponbideak diseinatu, inplementatu eta emaitzak neurtu), eta etengabe beren jarduera berrikusten dute etorkizuna eraikitzeko. Innobasque mila bazkide baino gehiago konektatzen dituen sarea da, eta bazkide horiek pertsona berritzaileak dira, inkonformistak, egiten duten horretan konfiantza dutenak, konprometiturik daudenak eta ezartzen duten edozein helburu lankidetzan lortzeko gai direnak. Hori da gakoa, gure sarea gero eta sendoago bihurtzea.
Duela urte batzuk bazirudien berrikuntza urrutiko zerbait zela; hala ere, gaur egun eremurik egunerokoenetan dagoela ikusten dugu.
Hain zuzen ere, Innobasquek lantzen duen puntu garrantzitsuetako bat berrikuntzaren sozializazioa da, Euskadin benetako berrikuntza-kultura sortzeko. Hori lortzeko, jarduera asko egiten ditugu, adibidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea, Global Innovation Day edo FIRST Lego League, ikasleak berrikuntzan sartuz joan daitezen. Innobasque Exchange-ren bidez, ETE eta mikroETEen artean lankidetza errazten dugu networking aurreratuko jardunaldietan, eta Innobasqueko Astearteak programarekin berrikuntza euskal erakundeen agendan mantentzen dugu eta balioan jartzen ditugu Euskadin dauden jardunbide egokiak. Inspiratzeko era bat da, hemen, geure baliabide, gaitasun eta pertsonekin berrikuntza posible dela erakutsiz. Hilean behin erakusten dugu hemen bertan gauza paregabeak egiten dituzten ekintzaile eta berritzaileen istorioak aurkitzeko ez dagoela Sillicon Valley-ra joan beharrik. Ez al da hori motibagarria?
Lehen ‘itzaleko’ berritzaileez hitz egin duzu. Argitara irteteko beldurra al dago?
Innobasquen daukagun maximetako bat da guztiok egin dezakegula berrikuntza horretarako baldintzak ematen badira, baina berrikuntza egiteko ausardia behar da. Horregatik nabarmentzen nuen berrikuntza-kultura sortzeko premia. Horrekin zenbait balio eta ohitura esan nahi dut, berrikuntza erabat barneratua egotea, zerbait egunerokoa izatea eta behar denean azaleratzea eragiten dutenak. Badira berrikuntzarako hesiak, guztiok ezagutzen ditugunak: epe laburrera jokatzea, edo eroso gauden konfort-gunetik irteteko eta aldatzeko erresistentzia. Kostatzen zaigu, baina hor gertatzen da esperimentazioa, hor hartzen dira arriskuak, sormena garatzen da… Badira elementu ukiezinak parte-hartzearekin, gardentasunarekin, gobernu onarekin, enpresen gizarte-erantzukizunarekin erlazionatuak, baina oraindik kosta egiten zaigu horiek barneratzea. Hori dela eta, badugu zer hobetu.
Gutxi geratzen da urte berria hasteko. Nola dator 2015?
2015. urtearen atarian gaude, baina 2020an daukagu begirada jarrita, eta enpleguaren, aberastasunaren eta ongizatearen ikuspuntutik Europarekin partekatzen ditugun helburuetan. Zer, helburua, zehaztuta dago eta plan bat daukagu. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak ZTbP 2020 planteatu du asko ez dela, eta orain hori gauzatzeko lan egin behar dugu. Foro askotan parte hartzeko zori ona dut eta ikusten dut Euskadi etengabe ari dela mugitzen gauza berriak egiteko. Bide onetik goaz.