EAEko Berrikuntzaren 2014ko Gidari emandako elkarrizketan, Innobasqueko zuzendari nagusia den Txema Villatek CITIC palindromoa berreskuratu du, aurrerantz nahiz atzerantz berdin irakurtzen den hitza. CITIC-ek bere bost hizkietan Euskadiren etorkizunerako gakoak biltzen ditu: Conocimiento (Ezagutza), Innovación (Berrikuntza), Talento (Talentua), Industria (Industria) eta Cultura de Cooperación (Lankidetzaren Kultura). “Bost elementu horietan sakondu behar dugu aurrera egiten jarraitzeko”, non lankidetza nahitaezko kate-maila gisa aldarrikatzen baita.
Zazpi urte eta gero, non gaude berrikuntzaren gaian?
“Deitzeko” lehen fasearekin abiatu ginen: gizartea esnarazi genuen, eta enpresak eta erakundeak mugiarazi genituen. Une hartan ez zegoen krisirik, baina konturatu ginen ez geneukala etorkizuna bermatuta. Gero, denborak arrazoia eman zigun. Bigarren zikloa ekintzarena izan da, eta gizartea eta ekonomia eraldatzeko dinamikak abian jartzera bideratu dugu jarduera. Hori Innobasqueri dagokionez, baina nola dago Euskadi? Europako Eskualdeen Berrikuntza Indizearen arabera, ikusten dugu 2012an eskualde jarraitzaileen taldean geundela, 30 eskualde zeudelarik gure aurretik. Baina bitxia bada ere, 2014an jarraitzaileen talde hori murriztu egin da, desagertu egin baitira bertatik Madril, Katalunia edo Portugal… Hemen Jaurlaritzak eta enpresa-ehunak berrikuntzaren aldeko apustu garrantzitsua egin dute, hots, I+G-n inbertsioa, patenteak, europar proiektuak eta abar. Eta hain zuzen ere, Indizea-Berrikuntzaren Euskal Indizeak erakusten duen bezala, faktore horrek lortu du krisiaren ondorio txarrak moteltzea.
Zein tokitan dago Euskadi berrikuntzan lider direnen aldean?
Europan Suitza, Danimarka, Finlandia, Alemania eta Suedia, ordena horretan, daude herrialde berritzaileenen sailkapenean buru. Hala ere, ikuspegia gehiago zabaltzen badugu, konturatzen gara Hego Korea, Estatu Batuak eta Japonia direla munduan liderrak, gero eta gehiago eta lasterrago berrikuntza egiten duten berritzaileak, eta horiek handiagotzen ari dira gurekiko distantzia. Eta hori Txina kontuan izan gabe, erraldoi hori Europakoa baino askoz erritmo biziagoan ari baita azeleratzen eta hobetzen. Beraz, geure tokiari eutsi diogun europar eskualde bakanetakoak izan arren, hobetzeko aukera izugarria dugu.
Lortu al dugu berrikuntza teknologiarekin ‘josten duen’ klitxea ezabatzea?
Lehen aipatu dudan Berrikuntzaren Euskal Indizeak adierazten digu berrikuntza kapital ukiezinez osaturik dagoela, hots, diseinua, jabetza intelektuala, etengabeko prestakuntza, antolaketa-garapena, marketina, softwarea eta I+G, beste faktore batzuen artean. Beraz, ikerketa eta garapena berrikuntzaren osagai oso garrantzitsuak dira, baina ez bakarrak. Gainera, eskakizun kritiko bat azpimarratu nahi nuke: berrikuntza orok gizarte-onarpena behar du berrikuntza izatera iristeko. Ezin dugu ahaztu aurrean ditugun erronka sakonek gizarte-sustraia dutela; hori gertatzen da biztanleriaren zahartze, immigrazio, ingurumen, enplegu edo prestakuntzarekin, eta pertsona da berrikuntzen subjektu onuraduna, horien sortzailea izateaz gain. Eta erantzun hori teknologikoa izan daiteke edo ez.
Nola dago hori gizarte-berrikuntzarekin lotuta?
Diogo Vasconcelos-ek esaten zuen gero eta pisu handiagoa duela gizarte-berrikuntzak Barne Produktu Gordinean (BPG), baita enplegua sortzeko gaitasunean ere. Beraz, gizarte-berrikuntza aukera handia da Euskadirentzat, hasia baitago erreferente gisa kokatzen eremu honetan; izan ere, Gizarte Berrikuntzaren Gidaliburua eta Gizarte Berrikuntzaren Eskualde Indizea (Resindex) eman ditu argitara, eta Basque Social Innovation sortu du. Baina oraindik ibilbide luzea dugu eremu honetan ere.
Azken urteotako krisi ekonomikoak kalte egin dio berrikuntzari?
Eragin dituen kalteak gorabehera, zirkunstantzia zail horietan ere gai izan gara ikasteko. Berrikuntzaren premia ikusten jakin dutenak lehiakideak baino hobeto prestatuta daude orain, eta jasan duten inpaktua ere txikiagoa izan da. Dena den, Europan berrikuntzan eta negozio berritzaileetan egindako inbertsioa murriztu egin da. Arrisku kapitala beste leku batzuetako proiektuetara joan da eta finantzaketa eskuratzea zaildu egin da. Hala ere, neurri batean joera hori moteldu egin da inbertsio publikoari esker. Dena den, krisia aldaketa handien atarikoa dela uste dut. Egoera berrian gaude, eraldatzeko garaian, eta horrek aukera berriak eskain diezazkiguke; Europak erronka horiek gainditu behar ditu aurrera jarraitzeko eta orain arteko aberastasun- eta ongizate-mailei eusteko.
Aro berri baten ateetan gaudela uste duzu?
Euskadi ez da uharte bat, Europan gertatzen denaren ildoan gaude; hortik datoz 4.0 industriaren aldeko apustua eta Espezializazio Adimendunaren aldeko Estrategia (RIS 3), eszenatoki globalean lehiakorrak izaten jarraitzeko. Hau da, lehiakorrenak garen eta ahalmen handiena dugun gaitasunetan espezializatuko gara: fabrikazio aurreratuan, energian eta bionanozientzietan. Arlo horiek aukera askoren nitxoak dira, eta horietan zientzia, teknologia eta enpresa aldetik gaitasun egiaztatuak ditugu. Hor ari gara lanean Innobasquen ere, eraldaketa sozio-ekonomikorako dinamiken bidez: gizarte efiosasungarria, ekoberrikuntza, enpresa-azelerazioa eta gizarte-enpresa berritzaileak.
Zenbateraino da garrantzitsua unibertsitatean eta teknologia-zentroetan sortzen ari den ezagutza enpresara helaraztea?
Hori funtsezkoa da, noski. Lankidetzan aritzea kritikoa da, ez bakarrik unibertsitatearen eta enpresaren artean, baita berrikuntzako euskal ekosistemaren parte garen eragile guztion artean ere, aberastasuna eta ongizatea sortzeko. Horregatik, Innobasquek lauko helizea deitzen dugun ereduaren arabera lan egiten du; eredu honetan enpresak, zientzia- eta teknologia-eragileak, administrazioak eta gizarte zibila elkarlanean ari dira, eta hori OCDEk aitortzeaz gain, Europako Batzordeak ere proposatu du espezializazio adimendunaren estrategia hedatzeko. Guk nahi dugun herrialde berritzailea izatera iristeko, eragile guztiok gara beharrezkoak, bakoitzak du bere egitekoa eta besteekin erlazionatzen da, sistema osoa elikatuz.
Zein jarduera-arlo ari da gehien mugitzen berrikuntza aldetik?
Jarduerak aipatu ordez, nik lekuetan jarriko nuke arreta. Berrikuntza leku batzuetan gehiago egiten da beste batzuetan baino; leku horietan ezagutzan zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituzten negozioak daude, konektibitate eta lankidetza-gaitasun handikoak, azpiegitura egokiak dituztenak. Honela, adibidez, azken urteotan Hego Koreak %6ko hazkundea izan du berrikuntzan, Txinak %5,8koa eta EB-k %2,7koa.
Globalizazioari buruz ari zara, ezta?
Horrela da, bai. Konektibitate globalari buruz DHLren azken txosten batek elkarrekin lotzen ditu informazio-trafikoa eta salgaiena, hau da, komunikazioa merkataritzaren azpiegitura da. Bere garaian Cluetrain Agiriak aurreratu zuen bezala, merkatuak elkarrizketak dira. Berrikuntzan erreferentzia izateko, dagoeneko gertatzen ari diren elkarrizketa garrantzitsu horietan sartu behar du Euskadik, horrela inpaktua izateko, ikusgai bihurtzeko eta gure gaitasunak balioan jartzeko. Erronka da ahots propioa eta aitortua izatea benetan eragina duten elkarrizketa horietan.
Bukatzeko, norantz begiratzen du Innobasquek berehalako epean?
Sendotze-fasean gaude, eta lauko helizea osatzen dugun eragile guztion lankidetza sendotzea bilatzen dugu. Guztion artean, gai izan gara geure premia espezifikoei erantzungo dien berrikuntza-ekosistema sortzeko, eta hori azeleratu beharra daukagu: berrikuntza gero eta lasterrago egin behar dugu, aurretik doazenek egiten duten bezala. Oso konplexua eta lehia handikoa den ingurune honetan, lanean jarraitzen dugu Euskadi berrikuntzan erreferentzia-polo gisa kokatzeko.