Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren bigarren edizioa (2015) aurkeztu da Forotech-ek antolaturiko mahai-inguruan, “Zer ekarpen egiten diote emakumeek teknologiari?”; gaur goizean izan da Deustuko Unibertsitatean. Solasaldian izan dira Banco Sabadell Fundazioaren alboko zuzendaria, Sonia Mulero; ikertzailea eta Ada Byron 2014 Sariko accesita, Andrea Blanco; marketin eta gizarte-berrikuntzan espezialista, Isabel Urbano; Ingeteam Zerbitzu Juridikoen zuzendari korporatiboa, Inés Núñez, eta Imagine Creative Center-en sortzailea, Xavier Verdaguer.
Baita ere, ekitaldian izan dira Emakunde-ko zuzendaria, Izaskun Landaida; Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Berdintasunaren zuzendari nagusia, Xabier Legarreta; eta Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Saileko zinegotzi ordezkaria, Oihane Agirregoitia, beste batzuen artean.
Saria 3.000 eurokoa da eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du eta Banco Sabadell Fundazioak babeste du; Innobasque, IK4 Research Alliance, Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundi eta Bilboko Udalaren laguntza ere badu. Sariak teknologia arloko emakume profesionalen lana nabarmendu nahi du, eta teknologiaren munduan emakumeei ikusgaitasuna emateko helburua du, eta horien lana aitortzea, teknologiaren zabalkunderako ekitaldiekin gizartea aberastea eta datozen belaunaldientzako eredu profesionalak aurkeztea, teknologia-bokazioak sustatzea, eta ekonomiaren hazkunderako eta etorkizun-baliorako teknologiaren garrantzia ikusgai bihurtzea gizartean.
Hautagaitzak otsailaren 12ra arte
Sari honetara aurkeztu nahi duten profesionalek 2015eko otsailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dute hautagaitza, eta irabazlea martxoaren 4an jakingo da Forotech 2015en “Emakumea eta Teknologia” saioan. Aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean curriculuma dago , bertan zehaztuz hezkuntza eta prestakuntza, lanbide-garapena, eta motibazio-gutun libre bat. Halaber, sarrerako bideotxo bat egiteko aukera dago, baina ez bi minutu baino gehiagokoa.
Bartzelonako Unibertsitatean lizentziatura eta doktoregoa egina, Montserrat Meya izan zen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sariaren irabazlea 2014an, eta Valladolideko Unibertsitatean telekomunikazioetako ingeniaria den Andrea Blancok accesita jaso zuen bere lanbide-karreragatik, lehenengo edizio hartan 49 hautagaitza jaso zirelarik.
Edizio honetako epaimahaia akademia, enpresa eta erakunde eremuetako pertsonek osatzen dute, eta horiek aztertuko dituzte hautagaitzak eta saritua proposatuko dute hainbat ebaluazio-irizpideren arabera. Ebaluazio-epaimahaian izango dira bere lehendakaria eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritzako dekanoa, Inés Jacob; Innobasqueko presidentea, Alberto García Erauzkin; Gaiker-IK4-ko zuzendari nagusia, Begoña Goiricelaya; Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako estatu-idazkaria, Carmen Vela; Berrikuntzako ministro-ohia eta Genetrix-eko lehendakaria, Cristina Garmendia; Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea, Estíbaliz Hernáez Laviña; Deusto Business School-eko dekanoa, Guillermo Dorronsoro; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Izaskun Artetxe; Microsoft Españako lehendakaria, María Garaña; Banco Sabadell Fundazioko lehendakaria, Miquel Molins Nubiola; eta Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Saileko zinegotzi ordezkaria, Oihane Agirregoitia.