15 urterekin, Jack Andraka bigarren hezkuntzako ikasle estatubatuarrak paperezko sentsore bat asmatu zuen, bost minutuan hiru minbizi mota ─pankrea, obario eta biriketako minbiziak─ detektatzeko gai zena.
Baina harrigarriena da proba honek dolarraren 3 zentaboko kostua duela, hau da, minbizia detektatzeko 26.000 aldiz merkeagoa, 168 aldiz lasterragoa eta 400 aldiz sentiberagoa dela egungo metodoak baino, eta gainera ez da inbasiboa.
13 urte zituenean hasi zen Andrakaren historia. Familiako lagun bat, berak osaba gisa zeukana, pankreako minbiziaz hil zen. Orduan jakin zuen detekzio-metodo goiztiar, laster eta kostu txikikoa ez egoteak eragin handia zuela honelako gaitzak zituztenen biziraupen-tasa apaletan. Beraz, diagnosirako detekzio goiztiarreko proba baten bila hasi zen ikertzen.
Bere lana 200 irakasleri bidali zien eta horietako 199k baztertu egin zuten, Johns Hopkins Medikuntza Eskolako Anirban Maitra doktoreak bakarrik onartu zuen erronka eta ateak ireki zizkion bere ideia garatzeko eta hobetzeko.
Andraka-ren emaitza iraultzaileek nazioarteko aitorpen eta ezagutza ekarri diote, adibidez, Intel ISEF Gordon Moore Award 2012 edo Jefferson Award 2014 sariak, azken hau Estatu Batuetako ospetsuena. National Geographic-ek ere beka eman zion iaz bere ikerketekin jarraitzeko.
«Gizarteak dituen arazoetako asko konpontzen lagun dezake zientziak», dio gazteak. Orain 17 urte ditu eta Jack Andraka zientzialari gazteak bere aurkikuntza iraultzailearen atzean dagoen istorioa azalduko du 2015eko martxoan argitaratuko den liburuan: “Breakthrough: How One Teen Innovator Is Changing the World”.