MANUNET eta M-ERA.NET 2015 nazioz gaindiko deialdiek ireki dute epea I+G+b nazioarteko proiektuak jasotzeko. Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea duten Europako bi deialdi hauen bidez, euskal enpresek aukera dute fabrikazio-ikerketari eta materialen ingeniaritzari buruzko proiektuetan parte hartzeko eskala makro, mikro eta nanoan, hurrenez hurren.
ERA-NET deialdiak Europako Batasunaren ekinbide bat dira, ikerketa, garapen eta berrikuntza gaietan Europako herrialde eta eskualdeen arteko lankidetza sustatzeko. Tresna paregabea dira euskal ETEek lehen urratsak egin ditzaten beren I+G+b jarduerak nazioartekotzeko bidean.
MANUNET, M-ERA.NET, ETB eta ENT-III programen aurreko deialdian euskal parte-hartzea esanguratsua izan da: guztira 26 proiektu aurkeztu dira, 36 euskal enpresa inplikatuz. Aurkezturiko euskal enpresa guztien artetik %75 baino gehiago ETEak dira. Baina datu benetan gehigarria eta nabarmentzekoa da aurkezturiko 26 proiektu horietatik 13 finantzatu zirela, aurrekontu osoa 7.635.972 €-koa izanik.
MANUNET 2015 deialdirako proiektuak martxoaren 19ra arte aurkez daitezke, eta M-ERA.NET 2015 deialdirakoak ekainaren 9ra arte.
Gainera HORIZON(TE) 2020ko energia-deialdietan interesa dutenentzat, datorren otsailaren 27an Infoday: Energia Seguru, Garbi eta Eraginkorra jardunaldian, Bilboko Bizkaia plaza eraikinean, aukera dago proiektuen ideiak Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroko (CDTI) profesionalek aztertzeko. Energia Teknologietako Plan Estrategikoak izan duen bilakaeraren berri ere emango da.