Teknologiak bihurtu ditzake gure hondakinak energia elektriko eta ur edangarri? Gezurra dirudien arren, Janicki Bioenergy konpainia tratamendu-sistema bat garatzen ari da “estolda-lohi”tik abiatuta energia elektrikoa eta ur edangarria sortzeko.
Omniprocessor deitzen da makina, eta “irakiteaz” arduratzen den kamera bateraino garraiatzen du lohia, honela bereiziz lurrun-ura osagai solidoetatik. Ur-lurrun honi arazte-prozesu bat aplikatzen zaio, kontsumorako prest dagoen ura sortuz.
Baina prozesua ez da hor amaitzen. Hondakina lehortuta dagoenean, tenperatura altuko labe batera botatzen da ─ez du beraz kiratsik─ eta presio handiko ur-lurruna lortzen da berriro. Gas hau sorgailu bati konektaturiko motor batera bidaltzen dute, honela Omniprocessor-ek behar duen elektrizitatea sortuz eta soberakoa sare orokorrera deskargatuz.
86.000 litro ur 100.000 pertsonako
Prototipo hau Seattle-n dago, baina Bill Gates-en irabazi asmorik gabeko Fundazioaren finantzaketari esker, “proba pilotu” bat egingo dute Senegalen, eta Omniprocessor makinaren belaunaldi berri bat garatuko dute, teorian, ehun mila pertsonaren hondakinak prozesatzeko gaitasuna izango duena, egunean 250 kw eta 86 mila litro ur edangarri sortuz.
Gainera, Gatesek gogorarazi du gutxienez 2.000 milioi pertsona daudela mundu osoan higiene-egoera desegokietan. Ondorioz, 700.000 haur hiltzen dira urtero saneamendurik ezarekin eta hondakin-uren erabilerarekin loturiko gaixotasunengatik.
Horregatik, bere konpromisoa erakutsi nahi izan du ekinbide honekin eta makinatik ateratako basokada bat ur edan du, minutu batzuk lehenago hondakin-ur zena: “Gorozki pilak ikusi nituen uhal garraiatzailean igotzen eta erretilu handi batera erortzen. Makinan zehar joan ziren, irakin eta tratatuak izateko. Minutu batzuk geroago, azken emaitzaren trago luze bat hartu nuen: basokada bat ur edangarri eta gozo”. Horrela hasten du Bill Gatesek Janicki Omniprocessor-aren ondoan igaro zuen unearen deskribapena.