Kirolaren arloak “aparteko erresistentzia erakutsi du krisialdi ekonomikoan” esan du Europako Batasuneko (EB) Kontseiluak. Orobat, Europa 2020 Estrategiak kirolaren eta bere berrikuntzaren ekarpena aitortu du hazkunde adimendun, iraunkor eta integratzailerako, baita lanpostu berriak sortzeko ere. Sektore honek EBko balio erantsi gordinaren %2,98 sortzen du, %1,76 zuzenean eta %1,22 zeharka. Kirolari lotutako enplegua Europako Batasuneko enplegu guztiaren %2,12koa da. Europako Kontseiluak kirolak beste arlo batzuetan dituen ondorio biderkatzaileak nabarmendu ditu, “ekonomiaren berrikuntza eta hazkundearen motorra” baita.
Lehia handia den arren, kirol askok baliabide ekonomiko ugari erakartzen dituzte norbanakoaren eskubideen babes eta salmentaren bidez, besteak beste. Horrek ahalbidetzen du inbertitzeko gaitasun handia egotea lehiarako onura berriak eskaintzen dituzten ekipamendu eta material berritzaileen garapenean.
Hori guztiori aztertuko da Innobasqueren hurrengo Asteartean, “Kirola eta berrikuntza” deiturikoan; martxoaren 10ean izango da, Deustuko Unibertsitatearen laguntzaz bere Bilboko campusean.
Parte-hartzaileen artean izango dira Athletic Clubeko lehendakari izateko hautagaia, Josu Urrutia, azken 4 urteotan kargu horretan egon dena, eta futbol-klub profesional baten kudeaketa berritzaileaz hitz egingo du berak. Jokin Garatea, GAIA Telekomunikazioetako Euskal Clusterraren Nazioarteko Proiektuen zuzendaria, sektoreak Euskadin duen egoeraren diagnostikoa egingo duelarik; Mª Teresa Linaza, Vicomtech-IK4ko eTurismo eta Ondare saileko zuzendaria eta Replay Europako Proiektuaren koordinatzailea, kirol tradizionalei buruz arituko da; eta Oscar Pérezek, Orbeako retail managerrak, kirol-produktuen berrikuntzan jarriko du arreta. Bestalde, Álvaro González, Getxoko Udaleko kirol-zinegotzia, eta Sabin Anuzita, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Arloko zinegotzi delegatua, hirietako kirol-turismoaz eta horrek hirietan aberastasuna sortzeko duen gaitasunaz arituko dira. Halaber, Francisco Javier Rocak eta Javier Condek ─Oztoporik Gabeko Kirol Fundazioko lehendakaria eta ohorezko patronatu-kidea, hurrenez hurren─ gizarte-berrikuntzari buruzko proiektu batez hitz egingo dute. Fernando Asenjo-k, Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campuseko zuzendariak, eta Roberto Santos, Symplio-ren zuzendari nagusiak ere hitz egingo dute, azken honek bere teknologia berritzailea erakutsiko duelarik datuen analisian oinarrituta.