Euskal gazte ekintzaileen talde batek Kuaderno.com sortu du, ingelesa ikasteko online tresna, erraza eta atsegina, ordenagailu, tablet eta mugikorretan erabil daitekeena.

Metodoa oso erraza da. Kuaderno.com-ek, 5 eta 12 urte arteko haurrentzako eskolen osagarri gisa pentsatuta, irakurgaien biblioteka eskaintzen die eskola eta familiei, audioa ingelesez dela eta adin eta maila askotara egokituta; ikasle bakoitzari bere erritmoan aurrera egiteko eta irakurgaiak lagunekin partekatzeko aukera ematen zaio.

Zerbitzuan 100 liburu baino gehiago daude online, baina katalogoa zabalduz joatea da sortzaileen asmoa. Titulu bakoitzak bere bertsioa du audioan jatorrizko ingeles batek egina, eta azkenean galdera-sorta irakurmena egiaztatzeko. Plataformak ikasle bakoitzaren aurrerapena erregistratzen du, eta aurrerapenari buruzko txostenak egiten ditu irakasleek edo familiek jarraipena egin ahal izateko.

“5 hilabeteren buruan dagoeneko 80 ikastetxetan erabiltzen da Kuaderno.com, 25.000 ikasle baino gehiago ari dira plataforma erabiltzen eta 100.000 liburu baino gehiago irakurri dira ingelesez”, azpimarratu du Joseba Legarretak, plataforma honen kodea garatu duen 22 urteko euskal gazteak. Arrakasta, neurri handi batean, honetan datza: “Ikasleei jolasa iruditzen zaie. Ez dira konturatzen benetan ingelesa ikasten ari direnik”, dio Josebak.

“100 milioi haur baino gehiago ari dira ingelesa ikasten Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Europan eta Latinoamerikan, eta haur-liburuen gure tarifa finkoa aukera handia dela uste dugu”, azaldu zuen Josebak joan zen urtarrilean Bilbao Bizkaia Entrepreneur Meetup topaketan egindako aurkezpenean, non Kuaderno.com-ek startup onenari ematen zaion saria jaso baitzuen.  MITek, Deustuko Unibertsitateak, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko ekitaldi honek, negozio berritzaileak sustatzen dituelarik, ZUMA Innovation, Oncoassess eta Armuseli egitasmoak ere saritu zituen.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago