Automobil adimendunak, lehorretik gidaturiko hegazkinak, bakarrik gidatzen diren kamioiak… Teknologiak aurrera egiten du eta egungo ekonomia-egoerak katalizatzaile gisa balio du berrikuntzarako industria askotan, adibidez mugikortasunean, gaur egun gora egiten ari den eta noski etengabeko garapenean dagoen industrian.
Mobility-as-a-Service terminoa garraioaren eta logistikaren mundua eraldatzen eta software-industria bihurtzen ari da. Baina zer esan nahi du “automobil adimendunak”? Teknologia berri honek beste aldaketa bat ekar dezake ingurunearekiko eragin-truke edo interakziorako, telefono adimendunekin gertatu zen bezala.
Apple eta Google erraldoi teknologikoek ere automobilgintzaren industrian sartu nahi dute. Sagarraren konpainia automobil elektrikoan ari da lanean eta geolokalizazio eta mapetan diharduen startup bat erosi du, ezaugarri nagusi sistema konbentzionalak baino askoz zehaztasun handiagoko maila eskaintzeko gaitasuna duelarik; Interneteko erraldoia gidaririk gabeko ibilgailuan zentratzen da, eta duela gutxi esan du bere automobilek 11 istripu “txiki” bakarrik izan dituztela probaldian, 2,7 milioi kilometro egin dituztelarik.
Googleren proiektuarentzat etapa berria ireki da. Duela gutxi Googleren Automobil Autonomoaren proiektuaren zuzendariak, Chris Urmson-ek, elkarrizketa batean Reuters-i azaldu dionaren arabera, konpainia teknologikoa automobilgile garrantzitsuekin negoziatzen aritu da, horien artean daudelarik, besteak beste, General Motors, Ford, Toyota, Daimler AG eta Vollkswagen.
Funtzionamendua eta etekina hobetzeko asmoz, sistema bat patentatu du oztopoak detektatzeko, horien izaera kalibratzeko eta, behar izanez gero, horiek saiheste aldera neurriak hartzeko. Algoritmo honek zirkulazio-arauak ere gainditu ahal izango lituzke aldi batez, adibidez, errepidea zeharkatzen ari den behi taldea saihestu eta beren bideari jarraitu ahal izan diezaioten.
Automobilgintzaren iragarpenen arabera, 2020 eta 2030 artean kokatzen da automobil autonomoa. Hala ere, ibilgailu autonomoei buruz indarrean dagoen legeria ez dago garai berrietara egokituta: herrialde batzuetan baimenduta daude edo aztertzen ari dira, eta beste batzuetan guztiz debekaturik daude.
Baina ez daude automobil autonomoak bakarrik. Ipar Amerikako Nevada estatuak lehen baimena eman du kamioi autonomo bat bide publikoan ibili ahal izateko. Daimler konpainia alemanak sortu du software batek gidaturiko kamioi hau, Freightliner Inspiration gisa izendatua, non gidaria beharturik dagoen autopistatik irteterakoan ibilgailuaren kontrola hartzera, eta errepide lokaletatik eskuz gidatzera.
Hala ere, ez dira lehenengoak gurpila asmatzen, zeren eta Australiako Rio Tinto meategietan autogidatzen diren kamioiak erabiltzen baitituzte, langilerik behar ez duten daratuluak, tren automatizatuak… Etorkizuna geratzeko dator.