Biztanleria zahartzea mundu guztian era orokortuan gertatzen ari den zerbait da baina europar kontinentean eragin berezia duena, non kalkulatzen baita gaur egun 50 urtez gorakoak biztanleriaren %36,5 direla, eta 2040tik aurrera %45 baino gehiago izango direla aurreikusten da. Fenomeno horrek eragin berezi du Euskadin.
Biztanleria zahartzearen kausak honako hauetan daude: nola pertsonen bizitza-luzeran hala jaiotza-tasa apalean. Horrek zera esan nahi du: alde batetik politika sozial aurreratuak burutzean arrakasta izan dela, eta sail oso desberdinetan erronka berriak sortu direla, bai eta pertsonen eguneroko bizimoduan aldaketak gertatu ere. Besteak beste, irismen handiko inplikazio ekonomiko eta sozialak izango ditu, eta horiek eragina izango dute hazkuntza ekonomikoaren, kontsumoaren, lan-merkatuaren, eta bereziki enpleguaren, bai eta pentsioen, esparruetan ere.
Hartara, premia bat dago: gizarte-segurantzako sistemen bideragarritasun ekonomikoa mantentzekoa, gero eta biztanleria aktibo murritzagoarekin eta hazten ari den biztanleria pasiboarekin, bai gazteak lan-merkatuan gero eta beranduago sartzen direlako, eta bai pentsiodunez osatutako biztanleria pasiboaren hazkuntzagatik, zeinen bizitza urte gehiagoz luzatzen den.
Horren guztiaren ondorioz Europako gizarte-segurantzako sistemak eraberritzeari ekin zaio pertsonen lan-bizitza luzatzeko xedearekin, eta hartara sistemari ekarpena egiten dioten eta laguntzak hartzen dituztenen arteko proportzio orekatuari eusteko. 5/2013ko Errege Dekretu Legea da erreforma horien agerpen argiena eta arau horren indarrez pixkanaka atzeratu egiten da erretiratze-adina pertsonek adin horretara iritsi eta gero ere lanean iraun dezaten erraztasun eta pizgarri berriak ematen diren bitartean. Gizarte-segurantzako sistema iraunkor bihurtzeko premia horrek bat etorri beharra dauka era behartuan edo borondatezkoan beren lan-bizialdia luzatu beharko duten pertsonen lana eta osasuna jasangarri bihurtzeko xedearekin ere.
Baina bitxia badirudi ere, aurreko hori guztia gertatzen ari den bitartean, honako izenburuok agertzen dira “bost kontratu orotatik bakarra da 44 urte baino gehiagokoentzat”, “lan-eskaintzak: betoa dute 45 urte baino gehiagokoek”, edo besteak beste “edadismoa, gure gizarteko hirugarren diskriminazio-era arrazakeria eta sexismoaren ondoren”. Adinarengatiko diskriminazio horrek ilundu egin nahi du adineko pertsonen gaitasuna beren baloreak nahiz beren esperientziak eta ezagutzak transmititzeko.
Agertoki honetan, asko gara Euskadiko eragileak honako hau uste dugunak: fenomeno honek hausnarketa eta ekintza kolektiboak zehaztea eskatzen duela, egoerari aurre egiteko eta gizarte guztiaren interes partekatuak maximizatzeko. Eusko Jaurlaritzatik eta Jazarpen eta Diskriminazioaren Euskal Behatokitik lehentasunez Euskadin landu beharreko erronketako bat bezala identifikatu da, bai eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak ere Berrikuntza sozialaren esparrutik Euskadirentzako lehentasunetako bat bezala identifikatu zuen. Horregatik, Erakundeetan Adina Kudeatzeko Gidaliburua argitaratu zen.
Gidaliburuak ibilbide-orri bat izan nahi du erakundeetan adina kudeatzeko, pertsonak haietara sartzetik hasi eta irten arte, eta alor horretan garaturiko aldez aurretiko esperientzietan oinarriturik egiten du hori, beste erakunde batzuetan arrakasta izan duten ekimenekin gomendio horiek argituz. Herri Administrazioentzako gomendioak ere baditu bere baitan, adinaren kudeaketa burutzen lagunduko dutenak, adineko pertsonen lana balioesteko gizarte-kultura sortuz eta belaunaldien arteko ikuspegi positiboa sustatuz.
“Uste dugu adineko pertsonek lortutako ezagutza eta esperientzia guztia baliatu behar dugula. Haien gaitasunak kudeatu, haien esperientzia belaunaldien artean eskualdatu, enpresekiko haien konpromisoa birsegurtatu eta lan-merkatuan haien enplegagarritasuna hobetzeko xedearekin birziklatzea bermatu behar diegu”, adierazi du Gotzon Bernaolak, Innobasqueko Berrikuntza Sozialeko programa-zuzendariak, zeinek, bestalde, honako hau esaten baitu: “lehen urrats horrek eskuarki sostengatutako mitoak, hala nola adinari buruzko estereotipoak eta adineko langileei buruzko aurreiritziak, era irekian lantzea eskatzen du. Adineko langileen trebetasunak aitortuko dituzten jarrera positiboak moldatu behar ditugu. Langile horiek askotan ideia oso indartsuak izaten dituzte. Lan-esperientzian metatutako urteak ez lirateke zakarretara bota beharko; askok erronka berriei aurre egin nahi diete”. Horregatik, Innobasquek erakundeetako adinaren kudeaketa esparru bat bezala identifikatu du, hor bateratzen direlarik “bi gizarte-erronka aldi berean, enplegua eta zahartzea, baina aukera gisara ikusita”, zehaztu du Bernaolak.
“Jaiotzen garen egunean hasten den prozesu bat da zahartzea, eta horrelakoa den heinean kudeatu behar da prozesu hori. Zahartzearen tradiziozko eredua aldatu egin da eta eredu berri bat adostu behar dugu, eta pertsonak adinaz landa balioetsi behar ditugu”, gogorazi du Bernaolak, eta gaineratu du Euskadi aitzindari dela “Adinaren kudeaketa Euskadiko Erakundeetan gidaliburua” argitaratzen. “2008an arazo bat genuen: krisia. 2015ean bi ditugu: krisia eta langabezia. Eta 2020an arazo handi bat izango dugu: biztanleria zahartua”, dio Bernaolak. Zorionez badirudi adinaren kudeaketa guztien agendetan txertatzen ari dela, Euskadik berriz ere erakuts dezan garai zailetan bere burua birsortzeko duen gaitasuna.
Ildo horretatik, Jazarpen eta Diskriminazioaren Euskal Behatokia, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Innobasque elkarlanean ari dira eremu horretan. Oraindik orain jardunaldi bat burutu dute elkarrekin Madrilen eta bihar, ostegunean, beste antzeko batean esku hartuko dute Bartzelonan Kataluniako Generalitat-arekin elkarlanean. Gainera, udako ikastaro bat antolatu da UPV/EHUn ekainaren 22 eta 23rako.