FLL Euskadi hezkuntza-programak 7 urte betetzen ditu. Bigarren Hezkuntzako 2.000 ikasle baino gehiago pasa dira bertatik. Parte-hartzaile izandako lau lagunekin hitz egin dugu, gaur egun unibertsitate-ikasleak. Guztiek esan dute lehiaketa esperientzia dibertigarria izan zela, eta berari esker ikasi zutela proiektuen arabera eta taldeka lan egiten. Baita ere kontatu dute FLL Euskadik zientzia beste era batera ikusten lagundu ziela.
Eneko Montero. Gaztelueta ikastetxeko (Leioa) ikasle ohia. Gaur egun Telekomunikazioetako Ingeniaritza ikaslea EHUn
FLL Euskadik robotikarekin lehen harremana izateko balio izan zidan, eta ingeniaritzari buruzko zerbait ikasteko ideia sendotu zidan. Hain zuzen ere, karrera hastean ikaskide batzuekin elkartu nintzen eta Bilbao Dynamics sortzea erabaki genuen, gaztetxoenei robotika bezalako gaiak hurbiltzeko. FLL-n ez duzu eskolan bezala ikasten. Lehenengo harremana duzu gaur egungo arazoekin eta praktikan jarriko den irtenbide bat planteatzeko aukera duzu. Ez zara bakarrik teorian edo hipotesian geratzen.
Baita ere oso esanguratsua da lehiaketa ondo irteteko atzean dauden boluntario guztien lana. Horrek erakarri egiten zaitu. Hain zuzen ere, aurten Bilbao Dynamics-en ondoan parte hartuko dut epaile gisa.
Maite Couto. La Salle Berrozpeko (Andoain) ikasle ohia. Gaur egun Bioteknologiako ikaslea EHUn
FLL Euskadik zientzia beste begi batzuekin ikusarazi zidan, eta zientzia-ikasketekiko interesa areagotu zidan. Zalantzarik gabe, aukera aberasgarria da eta ikasteko erarik onenetako bat, lagunez inguratuta jolas giroan. Benetan taldean lan egitea zer den ikasi genuen, eta zer den ordu asko ematea proiektu bat garatzen. Baina aldi berean esan behar da harrotasuna ematen duela lana amaiturik ikusteak, eta epaimahaiaren eta familiarren artean aurkeztu ahal izateak ez duela preziorik. Gainera, I+G zentroetara antolaturiko bisitak era bikaina dira enpresa, lan-talde edo laborategi batek nola funtzionatzen duen ikusteko. Uste dut FLLn parte hartzeak nolabait ere harrapatu egiten zaituela.
Beñat Insunza. Lauro ikastolako (Loiu) ikasle ohia. Gaur egun LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko ikaslea Mondragon Unibertsitatean.
FLL Euskaditik igarotzeak ikasi nahi nuen ikasketetan eragin zuen. Baina, batez ere, nola ikasi nahi nuen aukeratzen lagundu zidan. FLLn ulertu nuen zientziak era dibertigarrian eta ezberdinean ikas daitezkeela, eta taldeko lanaren balioa ere bai.
Niretzat egundoko esperientzia izan zen maila profesional nahiz pertsonalean. Gaian adituak direnekin lan egiteko aukera eman zidan, eta ikerketa-metodologiak ikasteko ere bai. Baina denboraren joanean, ulertu dut onena ez dela irabaztea, baizik eta ezagutzen duzun jendea eta bizi dituzun esperientziak.
Gaztea zarenean zaila da ulertzea FFLn egote hutsagatik bazarela zori onekoa. Parte hartzera animatzen dut mundu guztia, hor bizi izaten dena ez baita inoiz ahazten.
Nerea Alkorta. Axular lizeoko (Donostia) ikasle ohia. Gaur egun Medikuntzako ikaslea EHUn.
FLL Euskadin parte hartzeak nire etorkizunaren zati bat ikerketara bideratu nahi nuela konturatzeko balio izan zidan, eta erakartzen ninduen eremuan ikertu ere: biosanitarioan. Baina, egia esateko, denboraren joanean, konturatu naiz uste baino gehiago ikasi nuela. Zientzia, mekanika eta metodologiaren alderdiez gain, egitasmo bat hutsetik lantzen ikasi nuen. Baita ere lanean iraunkorra izaten, nahiz eta gauzak ez irten, ez etsitzen, presiopean lan egiten, egoera kritikoetatik irteten eta, garrantzitsuena, taldean lan egiten.