Biztanleriaren %20k gaixotasunen bat du, baina bada %80 osasuntsu dagoena eta gero eta jabetuagoa dena jaten duenaren araberakoa dela bere osasuna. Hori da elikaduran dauden joeretako bat, Rogelio Pozok, Azti-Tecnalia-ko zuzendari nagusiak, “Elikadura, berrikuntzarako aukera-eremu” jardunaldian aurreratu zuena; Innobasqueren Astearteak programaren barruan izan zen.
“Elikadura etengabeko berrikuntza da, gizarteak eta jendearen izaera eraldatu dituena, eta negozio-aukera paregabeak ere sortu dituena”, esan zuen.
Euskadin elikaduraren balio-katea itxuraz ematen duena baino handiagoa da. Euskal BPGren %10,6 hartzen du, zuzeneko 100.000 enplegu sortzen ditu eta 31.000 establezimendu ditu. “Gakoa berrikuntza da, baina elikadurako euskal enpresak txikiak dira eta hori galga bat da”, aitortu zuen Pozok bere hitzaldian.
Elikadura sektore estrategikoa da, eta hemen Eusko Jaurlaritzak elikadura-ekoizpena gehitu nahi du merkataritza-balantza murrizteko, zeren eta, ardo, arrautza eta arrain-kontserbak izan ezik, Euskadik inportatu egiten baitu esportatzen duena baino gehiago. Beste helburu bat inbertsioa erakartzea da eta tamaina irabaztea lankidetzaren bidez balio-katearen fase ezberdinetan, balio erantsi handiagoko elementuak garatu ahal izateko. Hori lortzeko, Pozok merkatu-nitxoetan arreta jartzera animatzen du enpresa berritzaile gehiago sortzeko, zientzia eta teknologia-kalitatea hobetuz eta enpresetara transferitzeko moduko kapitala garatuz, ahaztu gabe “lurraldearen garapen iraunkorra bilatzen dugula”.
Gainera, elikaduraren industriak ekarpen garrantzitsua egiten dio nazioartean Basque Country markaren nabaritasunari.