Zein dira hemendik 2020ra etorkizun handieneko bi lanpostuak? Datu-analista eta saltzaile espezialista. Lehenengoak teknologia disruptiboek sorturiko datu-uholdeari zentzua ematen lagunduko die enpresei; bigarrenak, enpresek bezeroei eskaintzen dieten horretan salmenta-indar espezializatuak izateko duten premiari erantzuten dio. Proiekzioa izango duten beste espezialitate batzuk hauek dira: Giza Baliabide mota berriak eta antolaketa-garapenean espezialistak; ingeniaritzako espezialitateak (materialak, biokimikoak, nanoteknologia eta robotika); gobernu- eta erregulazio-harremanetan espezialistak, geoespazioko informazio-sistemetan adituak, eta industria- eta merkataritza-diseinatzaileak.
Munduko Ekonomia Foroak “Enpleguaren etorkizuna” txostena eman du argitara, munduko 15 ekonomia nagusietan eta 9 industria-arlotan egina, eta 13 milioi enplegatu ordezkatzen dituena (munduko lan-indarraren %65); bertan aztertu du langileei eskaturiko gaitasunek nola eboluzionatuko duten, laugarren industria-iraultzak sortuko duen disrupzio edo hausturari aurre egiteko. Beharrezko gaitasunak ere aztertu ditu lanak.
Hona hemen 2020ko langileei eskatuko zaizkien 10 gaitasun edo trebetasun nagusiak:
- Arazo konplexuen ebazpena
- Pentsamendu kritikoa
- Sormena
- Pertsonen kudeaketa
- Beste batzuekiko koordinazioa
- Adimen emozionala
- Burubidea eta erabakitzeko gaitasuna
- Zerbitzura bideratzea
- Negoziazioa
- Ezaguera-malgutasuna
Eta hona hemen 2015eko enplegatuenak:
- Arazo konplexuen ebazpena
- Beste batzuekiko koordinazioa
- Pertsonen kudeaketa
- Pentsamendu kritikoa
- Negoziazioa
- Kalitate-kontrola
- Zerbitzura bideratzea
- Burubidea eta erabakitzeko gaitasuna
- Entzute aktiboa
- Sormena
Laugarren Industria Iraultzak aldaketa sakonak eragingo ditu, jendearen trebetasunetan ez ezik, baita negozio-ereduetan ere, adimen artifizialak, nanoteknologiak, 3D inprimaketak, robotikak, genetikak eta bioteknologiak eraginda.
Datozen 5 urteotarako aldaketa hauek 7,1 milioi pertsona kaleratzea ekarriko dute, batez ere behargin lepo-zuriak eta administrazio-lanetan ari direnak. Galera hori konpentsatzeko 2,1 milioi enplegu sortuko dira arlo espezializatuetan, matematika, IKT, arkitektura edo ingeniaritzarekin zerikusia dutenetan.
Datu-analisia, Internet mugikorra, Gauzen Interneta eta robotika izango dira enpleguak sortuko dituzten arloak. Hala ere, indar bultzatzaile handienak aldaketa demografikoak eta sozio-ekonomikoak izango dira, adibidez, klase ertain berri bat agertzea eta biztanleria gaztea gorabideko herrialdeetan, eta emakumeek lortu nahi duten botere ekonomikoa. Aldakortasun geopolitikoa da, bestalde, enplegua sortzeko etsairik handiena.