Iñigo Urkulluk,  Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta Innobasqueko ohorezko presidenteak, eman zion hasiera ekainaren 14an Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideen Batzar Nagusiari,  Global Innovation Day-ren esparruan egin zelarik. “Ezagutzaren gizartea, enpresako berrikuntza, jendearen prestakuntza eta talentua dira gakoak lehiakortasunean, hazkundean eta enpleguan irabazteko”, esan du. Halaber, berrikuntza gizarteratzeko egiten duen ahalegina eskertu dio Innobasqueri, eta gogoratu du epe luzerako apustua dela, hau da, “gaur inbertitu egin behar dela bihar emaitzak lortzeko”.

Batzarrean, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordea berritu da; 60 lagunek osatzen dute eta Euskadik berrikuntzarekin duen konpromisoa adierazten dute: %25 zientzia eta teknologia mundukoak dira, %25 enpresakoak, %25 herri-administrazioetakoak eta gainerako %25 gizartekoak. Une honetan, emakumezkoak %28 dira. Innobasqueren helburua da emakumezkoen talentua bere gobernu-organoetan sartzeko prozesuan aurrera egitea.

Batzorde Betearazlea ere berritu zen.

Halaber, Innobasqueko presidentearen, Alberto García Erauzkinen, proposamenari jarraituz, José Ibarretxe eta José Ignacio Arrieta izendatu ziren ohorezko bazkide, “Innobasqueren xede onerako egindako ekarpenagatik”; Ibarretxe, Pedro Luis Uriarteri Innobasque abian jartzeko mandatua emanez Innobasqueren sorrera bultzatu zuen lehendakaria izan zelako; eta bigarrena, nekatu gabe eman duelako beti bere laguntza, bai hainbat ziklotan hartu behar izan diren erabaki handietan eta bai berrikuntzaren eguneroko lanean, Batzorde Betearazleko kide gisa. Arrietari aktibo ordezkaezin gisa berrikuntza bultzatzeko izan duen uste sendoaren balio guztia aitortu zitzaion, Euskadin ongizate eta giza garapen iraunkorreko etorkizuna eratzeko. Bi horiez gain, izendapen bera jasoa dute aurrez Patxi Lopez, Pedro Luis Uriarte eta Guillermo Ulaciak ere.

Innobasqueren 2016-2020 Plan Estrategiko berria aurkezteko ere baliatu zen Batzarra, Zuzendaritza Batzorde, bazkide, Eusko Jaurlaritza eta agentziaren barne-taldearen ekarpenez egina, erakundearen III. Zikloa hasten delarik horrekin. Denboraldi honetan, aurreko beste batzuk finkatzeaz gain, eginkizun berriak izango dira, aliantza publiko-pribatuaren hedapenean sakontzeko erronkarekin, bazkide-sarearen gaitasunak aktibatuz.

Planak 5 helburu planteatzen ditu:

1. Berrikuntza politikei laguntza estrategikoa emateko Innobasqueren eginkizuna indartzea.

2. Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuekin bat etorraraztea jarduera, eta Euskadi lurralde berritzaile gisa kokatzen laguntzea.

3. Innobasqueren eginkizuna, berrikuntzan behaketa- eta prospektiba-eragile gisa, indartu eta sakontzea.

4. Elkartze-oinarriaren tamaina, aniztasuna eta lotura areagotzea.

5. Diru-sarreren oinarria zabaldu eta dibertsifikatzea agentziaren iraunkortasuna bermatzeko.

2015eko ekitaldiko jardueraren errepasoa ere egin da, eta horren zehaztasunak bertaratuei eman zaien Memoria 2014-2015 txostenean eta bideo honetan agertzen dira:

Bere hitzaldian, Txema Villatek nabarmendu zuen “milaka pertsona eta erakundek osatzen dugula Innobasque, elkarrekin gizarte berritzailea bultzatu nahi dugularik guk desiratutako etorkizunik onena eraikitzeko”.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago