Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, datuek ahalbidetzen dituzten negozio-aukerak, baina ez horiek bakarrik, aztertu ditu: “gordinean jasota, tratatu ondoren, azkenean ezagutza bihurtzen dira”, diosku berak Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkartearen aldizkarian argitaraturiko artikulu honetan. Ondoren, hona hemen artikulua osorik, euskaratuta:

Imajinatu egongelako sofa aldatzea erabaki duzula: gau berean Internetez bila hasi zara, bilaketan agertzen zaizkizun lehen webguneak bisitatu, beraien ezaugarriak blogetan erkatu, erabiltzaileen gomendioak aztertu eta prezioak konparatu dituzu. Aukerak aztertu dituzu, eta asteburuan metroz merkataritza-gunera joango zara. Etxetik kanpo bazkaldu, eta gero arratsaldea zeure gogoko saltegiak ikusten igaroko duzu in situ aztertzeko aurrez hautaturiko aukerak. Azkenean, bat aukeratu duzu, txartelaz ordaindu eta egun gutxiren buruan zeure eskura izango duzu sofa berria. Eta dena bukatu dela uste duzunean, posta elektronikoan mezuak jasotzen hasiko zara, eta telefonoko pantailetan iragarkiak, besaulki, alfonbra, lanpara eta oro har altzariei buruzkoak, kontsumo-kredituak, eskaintza bereziak, etab.

Adibide agerikoa da, baina benetakoa, eta erakusten du gure datuak batu eta aztertu egiten dituztela guri buruzko iragarpenak egiteko. Nahiz eta badugun sentipena “iragarpen-eskaintza” horiek gehienetan ez dutela benetan ituan asmatzen, eta “spam” (nahi ez dugun informazio) gehiegi jasotzen dugula. Horren ildotik, badirudi teknikoki oraindik zeregin asko dagoela eraginkortasuna hobetzeko.

 Mundu birtuala eta fisikoa bat egitea (IoT)

Gauzen Interneta deitu zaio, eta edozein gauzaki fisiko objektu adimendun bihurtzea esan nahi du; edozein gailu erabil daiteke (kamerak eta pantailak, industria-makinak, etxetresna elektrikoak, ibilgailuak, eraikinak, ospitaleak…), elektronika, software edo sentsoreekin integratuta, eta sarean konektatuta gauzaki horiei datuak bildu eta trukatzea errazteko.

Lan-hipotesia da, datuak gordinean jaso eta tratatu ondoren, azkenean ezagutza bihurtzea. Zeregin neketsua eta ez zailtasunik gabea (interoperabilitate, sistema-estandarizazio, plataforma eta makinen integrazio aldetik dauden inplikazio guztiengatik, ahaztu gabe segurtasunari eta erregulazioei buruzko guztia); eta hor konputazioaren erraldoiak galdezka ari dira nondik emango ote diren aukera handiagoak eta hobeak eta, ondorioz, norantz zuzendu beharko ote lituzketen beren inbertsioak. Datu kopuru handien prozesaketa lasterreko zentroen bidez izango da, ala eskala txikiagoko premiei erantzuteko hodeian konponbideak erabiliz? Ala berrelikatuko dituen mix baten bidez izango da? Gehien asmatzen duenak kokapen pribilegiatua izango du, eta agian pribilegiatua baino gehiago.

Baina egin dezagun urrats bat atzera: nork ematen ditu datuak? Alde batetik, enpresek eta era guztietako erakundeek. Bestetik, gizabanakoek. Eta azkenik, inguruneak, naturako aldagaiek. Erakunde, enpresa, pertsona eta planetaren beraren arteko interakzioak ezagutza elikatzen duten iturria dira.

Ezagutza hau, kasu batzuetan eskala globala duena, gero eta elementu baliotsuago bihurtzen ari da. Enpresa-ikuspegitik, esan nahi du ezagutza produkzio-indar bihurtzen ari dela. Horren haritik, ezagupenak hobetuz produktibitatea indartzea irabazi berezien iturri izango da.

Horren haritik, jada zaharra dirudien esamolde batera itzuliko gara: “ezagutzaren edo jakintzaren gizartea”.  Baina, agian, inoiz ez gara orain arte bezala gai izan bere garrantzia (merkataritzan eta gizartean) hain argi sumatu edo antzemateko. Dena den, ezagutzaren gizarteak ezagutzaren ekonomia baino zerbait gehiago esan nahi du.

Informazioaren asimetria

2001ean Joseph Stiglitz, George Akerlof eta Michael Spence ekonomialariek Ekonomiako Nobel Saria jaso zuten merkatuaren azterketak informazio asimetrikoz egiteagatik. Saria merezi izan zuten frogatzeagatik informazio asimetrikoa gakoa izan daitekeela merkatuko fenomeno asko ulertzeko, adibidez, langabezia eta kreditu-politikak. Stiglitz-ek eta lankideek erakutsi zuten oreka eraginkorrak lortzeko, beharrezkoa dela estrategiak inplementatzea, informazio gutxiago duten eragile ekonomikoei hobeto informatuta daudenengandik informazioa zeharka ateratzeko aukera bermatuz.

Gaur egun gure sistema aldatzen ari dena jarduera guztietan, zuzenean nahiz zeharka, informazio-geruzak sartzea da. Inguratzen gaituen ia guztiak izango du gaitasuna informazioa jaso edo bidaltzeko gure portaerari buruz. Gure parte-hartze aktiboarekin nahiz pasiboarekin.

Erronka

Baturiko datu hauek guztiak, gure bizitzei eta inguratzen gaituen guztiari buruzko datuak, itzelezko aukera-iturri baten oinarria izan litezke, gure bizitza pertsonalaren kalitatea hobetzeko eta gizarte-erronkei efikazia eta eraginkortasun handiagoz aurre egin ahal izateko. Pentsa dezagun ikuspegi honetatik zer-nolako aukera dugun karbono-kontsumoa murrizteko, edo, tokian tokiko arazoei dagokienez, pertsona nagusien zaintza hobetzea, garraio publikoa, osasun publikoa, gure hirietan segurtasuna eta abar. Baina, non egongo dira datuak eta ezagutza, eta noren edo zeren zerbitzura?

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago