Euskadi berrikuntza-gune bat da. Horrela aitortzen du Europako Batzordeak argitaratu berri duen Eskualdeko Berrikuntza Taulan (RIS, ingelesezko siglen arabera). Lan honek berrikuntzaren errendimendua neurtzen du kide diren 22 estatu eta Norvegiako 214 eskualdetan. Estonia, Txipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo eta Malta daude sartuta nazio mailan.
Nahiz eta eskualderik berritzaileenak herrialderik berritzaileenetan (lider diren berritzaileen taldean) egon, neurrizko berritzaileen taldeko estatuetan badira berrikuntzako 4 eskualde-gune nabarmen (regional innovation hubs). Kasu horiek dira Euskadi, Piamonte eta Friuli-Venezia Giulia Italian, eta Bratislava Eslovakian.
Halaber, RISek nabarmentzen du Euskadik bere posizioa mantentzen duela berrikuntza handiko eskualde gisa (strong innovator) Europan, ezaugarri hauetako bakarra izanik Espainian. Europako beste eskualdeekin alderatuta, Euskadi ondorengo adierazleetan nabarmentzen da:
- Goi-mailako ikasketak amaituta dituen 30 eta 34 urte arteko jendearen ehunekoa
- Beste ETE batzuekin kolaboratzen duten ETE berritzaileen ehunekoa
- Eduki teknologiko handiko eta handi-ertaineko industrietan eta ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuetan dagoen enpleguaren ehunekoa
Europako taulan eskualdeak lau taldetan sailkatzen dira, berrikuntzan duten errendimenduen arabera: berrikuntzan liderrak (36 eskualde), berritzaile indartsuak edo berrikuntza handikoak (65 eskualde, eta hauen artean Euskadi), neurrizko berritzaileak (83 eskualde) eta berritzaile apalak (30 eskualde).
Regional Innovation Scoreboard
Eskualdeko Berrikuntzaren Taulak erakusten du eskualderik berritzaileenak normalean herrialderik berritzaileenetan daudela. Neurri handi batean, eskualdeko errendimendu taldeak bat datoz 2016ko berrikuntzaren adierazleen Europako taulan dagozkien herrialdeen errendimendu taldeekin. Berrikuntzan bikaintasuna Europako eskualde kopuru txiki samar batean ematen da. EB-ko berrikuntzan lider diren 36 eskualde liderrak EBko kide diren 7 estatutan bakarrik biltzen dira: Danimarka, Alemania, Frantzia, Herbehereak, Finlandia, Suedia eta Erresuma Batua.
Herrialde gehienetan ez dago aldaketa handirik eskualdeko errendimendu taldeetan, eta horrek adierazten du eskualde eta nazio mailako berrikuntzan errendimenduak elkarri loturik daudela. Hala ere, herrialde batzuetan (batez ere handietan) dagoen aldaketa handiagoak agerian uzten ditu eskualde-espezifikotasunak eta eskualdeetan «bikaintasun-burtsak» daudela, hori izanik Euskadiren kasua. Lau estatu kide handiagotan (Alemania, Espainia, Frantzia eta Italian) bakarrik daude eskualde errendimenduko 3 talde ezberdin.
Ia eskualde guztietan, berrikuntza hobetu egin da denborarekin, nahiz eta azkenaldian errendimendua jaitsi egin den eskualde gehienetan. Bederatzi urteko denboraldian (2016ra arte) egindako analisian ikusten da errendimendu talde batekoa izatea egonkor mantendu dela eskualde gehienen kasuan (%70), baina beste eskualde batzuetan aldaketak izan dira, errendimendu handiagoko nahiz txikiagoko taldeetara igaroz. Errendimendu taldeen barruan, eskualde berritzaile indartsuen eta neurrizko berritzaileen batez besteko errendimendua hobetu egin da denboran zehar, nahiz eta gutxitu egin den eskualde-berrikuntzan lider diren eskualdeentzat eta berritzaile apalentzat. Bada, beraz, bat egiteko prozesu partzial bat, eta horren arabera eskualde berritzaile indartsuek eta neurrizkoek murriztu egiten dute errendimendu-alde edo deiferentzia berrikuntzan lider direnekiko.
Funtsezko teknologia erraztaileetan espezializatzea positiboki lotua dago eskualde-berrikuntzaren errendimenduari. Funtsezko teknologia erraztaileak (FTE) sei teknologia dira, industria-sektore guztietako produktu-gama batean berrikuntzarako oinarria ematen dutenak. FTEen espezializazioa positiboki loturik dago eskualdeko berrikuntzaren errendimenduari, bereziki material aurreratu, industria-bioteknologia, fotonika eta fabrikazioko teknologia aurreratuen eremuan. FTE guztientzat, fabrikazio aurreratuko teknologientzat izan ezik, eskualde-espezializazioa hobetu egin da eskualde berritzaile indartsu eta neurrizkoetan, eta jaitsi egin da berrikuntzan lider diren eskualdeetan. Honela, berrikuntza gutxieneko eskualdeak espezializatuago bihurtu dira, eta oinarriak ezarri dituzte etorkizunean berrikuntzaren errendimenduan gehikuntza posibleak egiteko.