Euskal adituen lantalde multidiziplinar batek, kriminologo, psikologo eta gizarte-hezitzaileek osatuak, PECI programa (Berdinen arteko gatazketan aurretiazko esku-hartze emozionala) landu du, berdinen artean gertatu baino lehen gatazkak prebenitzeko sistema, hitzezkoa ez den hizkuntzaren bidez haurren emozioak identifikatzeko aukera ematen duena. Juan Angel Anta, Esteban Etxebarria, Igor Cortón eta Pablo Cuevak sinatzen dute ondorengo artikulua sistema berritzaile honi buruz:
“Gure gizartea gero eta sentsibilizatuago dago inguratzen gaituen bortizkeriaren aurrean. Baina bereziki adin txikikoei eragiten dienaren aurrean. Ahalegin handiak egin dira konponbideak emateko eta aurrera egin da, eskola-ingurunean kasuak daudela susmatzen denean, alerta-sistemak sortzen. Baina, gure ikuspegitik, garrantzi handiko zeregin bat bazegoen hainbeste kezkatzen gaituzten berdinen arteko tratu txarren jokabide hauen prebentziorako tresnetan aurrera egiteko.
Consorcio de Inteligencia Emocional (Adimen Emozionalaren Partzuergoa) adimen emozionalaren aplikazioen bidez irtenbide berriak bilatzen ditugun pertsona eta erakundez beteriko ekosistema da. Testuinguru horretan sortua da PECI programa, ibilbide ezberdineko profesionalek elkartu egin baikinen lankidetzarako eta proposamen berriak bilatzeko. Kasu honetan, Juan Angel Anta, kriminologoa eta Detecta Taldeko zuzendaria; Esteban Etxebarria, Detecta Taldeko gizarte-hezitzailea; Igor Cortón, haur eta gaztetxoentzako psikologoa eta Haurbide Psiko-hezkuntzako Zentro Integraleko Psikologia arloko zuzendaria; eta Pablo Cueva, psikologo sanitarioa eta Poziktiba-ko zuzendaria, elkartu gara ezagupenen hibridazio-lan bat egiteko, eta horren emaitza da programa hau.
PECI berdinen arteko tratu txarren prebentziorako programa da, oinarrizko hiru euskarritan oinarritua:
– Emozioak identifikatzeko lana. Programaren bertute nagusietako bat da eskola-elkartean inplikaturiko helduak trebatzen dituela emozioak identifikatzeko, kontuan izanda hitzezko komunikazioa eta hitz gabekoa (aurpegi-adierazpideak eta keinuak). Horrek eskatzen du era proaktiboan esku hartu ahal izatea tratu txar egoerak prebenitzeko, beren emozioak adierazi ezin edo nahi ez dituzten haurrak daudenean.
– Enpatiaren heziketarako trebetasunak. Bigarren gakoa da gaitasunak lortzea enpatiaren prozesu naturala aktibatzen duten elementuak identifikatzeko, baita hori inhibitzen duten faktoreak ere. Prestakuntza praktikoa da, berezko eta eguneroko gatazketan erabiltzera zuzendua.
– Diziplinartekotasuna. PECIn kriminologiaren, haur eta gaztetxoei buruzko psikologiaren edo adimen emozionalaren ezagupenik aurreratuenak sartzen dira. Baina, gainera, gatazkak kudeatzeko kultura sortu nahi du, irakasle, guraso eta ikasleentzat komun edo berbera. Horregatik, inplikaturiko eragile guztiekin paraleloan lan egiteko premia planteatzen du.
– Gatazkak kudeatzeko eredua. Aurreko atal guztiak tresna edo lanabes gisa erabiltzen dira, horiekin gatazkei beste era batera aurre egiteko. Eredu honetan, pertsonen emozionaltasunari arreta jartzeak eta enpatia-lanak gatazkak kudeatzeko beste era batzuk izatea ahalbidetzen du.
– Programan hezkuntza-zentro bakoitzeko eragileekin batera sortzeko atal bat dago. Honela, transferentzia ziurtatzen dugu lorturiko gaitasunen eta horien erabileraren artean egoera errealetan ikastetxean bertan.
Joan zen ekainaren 17an, Innobasquen aurkeztu genuen programa hezkuntza-munduko 50 eragile baino gehiagoren aurrean. Harrera oso ona izan da, eta, beraz, laster izango ditugu lehenengo datuak. Prebentzioaren bidean, badugu tresna berri bat, kezka, ezagupenak eta esperientzia nahasturik sortua. Euskal programa honek irmo egin ditu lehen urratsak gure seme-alabak hezteko gaitasuna hobetzen laguntzeko”.