Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusiak, 4.0 Industriak emakumeen enpleguan izango duen eragina aztertu du lehenengo aldiz Deustuko Unibertsitateko MujerTekSpace blogean argitaraturiko post batean:

“Laugarren industria-iraultzak enpleguaren etorkizunari eragingo dio. Teknologia lan-katearen maila guztietan egongo da, eta horrek postu bakoitzari atxikitako egitekoak aldatzea eragiten du, baita lan-familien osaera aldatzea ere. Ildo horretatik, datuek adierazten dute enpleguen eskaria gehitu egingo dela STEM (Science, Technology, Engineering and Maths) arloetan.

World Economic Forum-aren “The Industry Gender gap. Women and Work in the Fourth Industrial Revolution” txostenaren arabera, enpleguan gertaturiko aldaketa hauek desberdin eragingo diete gizonezkoei eta emakumezkoei. Adibidez, gizonezkoentzat STEM enplegu berri bat izango da galdutako lauko; emakumeentzat, ordea, bat bakarra galdutako hogeiko.

Datu hauek iradokitzen dute, genero-etenak irauten badu eta neskek STEM enpleguak eskuratzeko abiada ez bada eskariaren erritmo berean hazten, lan-aukerarik onenak galtzeko arriskuan daudela emakumeak. Egitate honek enpresei ere eragingo die, hautatze-prozesuetan eskatzaile gutxiago izango baitituzte eta, beraz, talentu gutxiago.

Baina datu horien atzean baikortasunerako seinaleak ere badaude. Joera hauek ez dute zertan horrela jarraitu. Egia esateko, txostenean sei gomendio edo dimentsio eskaintzen dira, horien inguruan ardazten direlarik erakunde batean genero-parekidetasunerako ahaleginak.

  • Emakumezko langileak aukeratzeko helburuak finkatzea eta neurtzea
  • Mentoring eta prestakuntza
  • Kontzientziatzea
  • Lan-giroa eta bizitza pertsonalarekin bateragarri egitea
  • Lidergoa eta enpresaren konpromisoa
  • Erantzunkidetasuna bulegoaz haratago

 

Laugarren industria-iraultzan genero-etena murriztea enpresa bakoitzaren erabakiez eta neurriez haratago doan erronka da. Herri gisa dugun erronka da, publikoari eta pribatuari eragiten diena. Gaur egun aukera eta erantzukizuna dugu lana birpentsatzeko ikuspegi holistikoarekin eta eredu berri malguagoak sortzeko, genero-berdintasunean aurrera egin ahal izateko.”

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago