Gazteak baikorrak dira. Hala ere, bereziki kezkatuta sentitzen dira zenbait gairengatik. Joan zen abuztuan eman ziren ezagutzera Genevan Global Shapers Annual Survey 2016 txostenaren emaitzak; termometro honek millennials edo milurtekoen kezkak eta ardurak erakusten ditu, orain 18 eta 35 urte artean dituzten pertsonenak. 

Mundu osoko gazteak gehien kezkatzen dituzten 5 arazo globalak hauek dira: klima-aldaketa, gerrak, erlijio-gatazkak, pobrezia eta ustelkeria.

Txostenaren oinarrian dagoen galdeketari 181 herrialdetako 26.600 gaztek erantzun zioten, eta horietako 2.000 Global Shapers komunitateko kideak dira; beren lorpenengatik eta inguruneak aldatzeko gaitasunagatik ahalmen bereziko 6 mila gaztek garatu eta zuzenduriko nodo-sarea da, Davoseko World Economic Forum edo Foro Ekonomikoaren inguruan sortua. Aurtengo udan gazte-komunitate honen urteko bilera egin da, eta bertan izan da Global Shapers Bilbao euskal hub-aren ordezkaria, Lorea Argarate. Global Shapers Bilbao Lekandene 2015 Innobasqueren programa esperimentalaren esparruan sortu zen, eta Ikashub, ImproveChange.org, Innobasque eta Deustotech-eko Agustin Zubillagaren laguntza du, Bizkaia Talent-ekin lankidetzan.

Aipaturiko arazoen garrantzia gorabehera, gazteen %70ek uste du mundua aukeraz betea dagoela, eta %50ek uste du era aktiboan lagun dezaketela bere herrialdeetan aldaketa eragiten.

Egia esateko, millennials edo milurtekoen %26k uste du eurak izan daitezkeela tokiko arazoen konponbidearen parte; ondoren, %20k uste du gobernu-erakundeak direla horren erantzuleak, eta %17k gizarte zibilaren gain uzten du. Nazioarteko arazoei dagokienez, talde honek konfiantza handiagoa du nazioarteko erakundeetan (%26) eta ondoren eurengan (%20).

Gazteen %36k munduko hiritartzat dauka bere burua, %22k uste du nazionalitatea dela bera gehien definitzen duena, eta %9k erlijioa dela esaten du.

Gazteek gogoz onartzen dituzte teknologia berriak, bereziki digitalak, eta %86k uste du teknologiak, enplegua suntsitzen duen arren, etorkizunean kalitatezko enplegua ere sortuko duela. Uste dute adimen artifiziala, robotika eta Gauzen Interneta joerarik urratzaileenak izango direla zentzu horretan, horren eraginik handiena, haien iritziz, osasunean eta hezkuntzan ikusiko delarik.

Pribatutasunak eta datu-babesak asko kezkatzen ditu mundu osoko millennials edo milurtekoak. %73k ez du deskargatzen bere segurtasuna arriskuan jar dezakeen aplikaziorik, eta kezka hau are handiagoa da Asiako Ekialdeko eta Ozeano Bare inguruko herrialdeetan.

Sare sozialetan elkarrekin jarduteko, %82k smartphone erabiltzen du, %55k online erosten du, eta %63k ordenagailu pertsonalak erabiltzen ditu mezu elektronikoak bidaltzeko. 

Frustrazioak

Gehien frustratzen dituena gobernu-ustelkeria da, burokrazia eta erantzukizunik eza, zintzotasunik ezarekin batera. Gardentasuna hobetzeko, gobernuei zigorrak gehitzea proposatzen dute gazteek, aginte judizialaren independentzia hobetzea eta elkarrizketa ireki eta gardena herritarrekin.

Inkestatuen %50ek uste du modu esanguratsuan eragin dezakeela aldaketan, eta ehuneko hori %44koa da Europan.   

Lan-eremuan, hogei eta hogeita hamar urte dituztenek gehien baloratzen dituzten hiru alderdiak hauek dira: bidezko soldata, mailaz igo eta garatzeko aukerak izatea, eta lanak zentzua izatea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago