Zer dute komun Peter Parker, Gwen Pool, Lunella Lafayet eta Tony Stark-ek? STEAMak. Marvel argitaletxeak duela gutxi iragarri du aurtengo azaroan bost azal berezi argitaratuko dituztela, eta horietan STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) aurkeztuko dituztela beren heroi kutunetako batzuen bidez. Honela S (Science) Moon Girl & Devil Dinosaur-ek hartuko dute; Teknologia Spider-man-ekin agertuko da; Iron Man E (Engineering) izango da; Champions-eko superheroiak Artearekin lotuko dira, eta Gwenpool emakumezko heroia M-rekin (Maths). Honela, marketin eta salmenta-arduraduna den David Gabriel-en arabera, beren fan edo zaleak motibatzen jarraitu nahi dute, beren grinak esplora ditzaten zientzia, teknologia, arte eta matematiken eremuetan.
Baina zientzia- eta teknologia-lanbideak komikietan, zineman edo telebistan agertzea ez da berria Millennials edo milurteko belaunaldikoentzat. Nork ez du gogoan Friends-eko paleontologoa, Ross doktorea? Edota MacGyver ingeniari eta asmatzailea? Edo Grey doktorea Grey-ren Anatomian? Eta mundu guztiak daki Peter Parker gaztea zientzietako ikaslea dela, talentu handikoa.
Arrakastazko serie eta film berrienek jarraitzen dute ohiko STEAM karrera tradizionalen erretratua egiten. Adibidez, fisiko eta mikrobiologoarena Big Ban Theory-n Sheldon eta Bernadette pertsonaien bidez, edo kimikariarena Walter-ekin Breaking Bad-en. Baina baita ere ikusten da ikus-entzunezko fikzioetan gero eta presentzia handiagoa dutela hain ezagunak ez diren beste STEAM lanbide batzuek. Angela auzitegiko mediku artistaren kasua da Bones-en, edo Walden-ena Dos hombres y medio-n, informatikaria eta start up baten ekintzailea baita.
Ez da berria bokazioak gehitzearen alde telebista-serie batek edozein ekitaldi edo azokak baino gehiago egiten duelako ideia. Hori erakusten du Kazetaritzan matrikulazioak gehitzeak “Periodistas” seriearen arrakastagatik. AEBetan horrela ulertu dute, nonbait, eta entretenimenduaren industriaren bidez jo dute STEAMak sustatzera.