Murgilduta gaudeneko hazkunde ekonomikoaren jokaleku globala zuzenean baldintzatzen dute baliabide mugatuen erabilerak, lehengaien prezioen igoerak eta baliabideen urritasunak. Honek eragin ekonomiko negatiboak ez ezik, iraunkortasun-arazo nabariak ere badakartza.

Egungo eredu ekonomikoa ekoizpenean eta kontsumo linealean oinarriturik dago: produktuak fabrikatu, saldu, erabili eta gero bota egiten dira, honela hondakin bihurtuz.

Testuinguru honetan ekonomia zirkularra aukera edo hautabide argia da, enpresen eta lurraldeen lehiakortasuna hobetzeko aukera gisa ikertu beharrekoa; izan ere, eredu sozio-ekonomiko honek garapena eta balio-sorkuntza bilatzen ditu, baliabide mugatu edo amaikorren kontsumotik bananduta.

Ekonomia linealak ez bezala, ekonomia zirkularrak, diseinuz eta asmoz, egoera lehengoratu, berreskuratu egin nahi du; hau da, ez du hondakinik sortu nahi, saihestu ezin direnak ezabatuz. Honela zera lortzen da:

– Kapital naturala zaindu eta hobetzea, baliabideen stock mugatu edo amaikorrak kontrolatuz.

– Baliabideen errendimendua optimizatzea, produktuak, osagaiak eta materiala zirkularizatuz, horien erabilgarritasuna maximizatzeko.

– Ingurumenean eragin negatiboak saihestea.

“Ekonomia zirkularreranzko trantsizioa produktuan berrikuntza eskatuko du, prozesuetan berrikuntza eta negozio-eredu berriak bilatzea, baita gure kontsumo-ohiturak aldatzea ere.” — Lola Elejalde, Innobasqueko Prospektiba eta estrategia arloko zuzendaria

“Euskadi prest dago aldaketa honi aurre egiteko, baina beharrezkoa da gure enpresek gaitasun diferentzialak garatzea, baliabide naturalen ustiaketa hobea ahalbidetuko dutenak, eta horrek lurraldean eragina izatea.”  — Kristina Apiñaiz, Aclima-ko zuzendari nagusia.

“Aldaketa honek hori erraztu eta kudeatzeko ikuspegia duten erakundeak eskatzen ditu; alde horretatik Euskadiren konpromisoa argia da.” — Javier Agirre, Ihobe-ko zuzendari nagusia.

Innobasque, Aclima eta Ihobe-ren laguntzaz, jarduera-arlo askotako erakunde pribatu eta publikoen sarea sortu da, Euskadin ekonomia zirkularra sustatu eta inplementatzeko konprometituak. Ezagutza partekatzeko eta gauzatzen ari diren ekinbideak ezagutarazteko gune bat.

Baduzu Ekonomia Zirkularreko egitasmo bat Euskadin?

Circular Basque-n baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen duten egitasmoak bilatzen ditugu. Izaera murriztailerik gabe, honelako proiektuak dira:

– produktuak, prozesuak, zerbitzuak, kudeaketa eta negozio-ereduak, kontsumo- eta portaera-ereduak hobetu edo/eta birdefinitzen edo sortzen dituztenak;

– lehendik dauden teknologiak edo berriak txertatzen dituztenak, diseinu-fasetik bizi-zikloaren amaieraraino, merkaturatzetik igaroz;

– honako hauek ahalbidetzen dituztenak: energia berriztagarriak eta materialik eraginkorrenak erabiltzea, produktuen bizitza erabilgarria luzatzea, sentsorizatzea, partekatzea, berrerabiltzea, berriz manufakturatzea, balioztatzea edo birziklatzea, eta ahalik eta balio posible handiena lortzea ahalik eta ingurumen-eraginik txikienaz, etab.

Bat egizu Circular Basque-rekin (www.circularbasque.eus) eta elkarrekin lagunduko dugu Euskadi zirkularra egiten.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago