Software txertatua jendearen bizitzan funtsezko osagai bihurtzen ari da, eta ez du esan nahi nahitaez jendea horretaz jabetzen denik. Software mota honek gailu gero eta konplexuagoak kontrolatzen ditu, horien esku uzten ditugularik egunero funtsezko jarduerak edo giza bizitzak ere bai. Programa informatiko hauek automobiletan, trenbide-sistemetan, hegazkinetan, telekomunikazio eta multimedia gailuetan, zentral elektrikoetan, ospitale-ekipamenduetan edo inplante medikoetan (intsulina-ponpa edo taupada-markagailuetan) daude. Gizarteko azpiegitura kritikoaren gero eta azpimultzo handiagoa ordenagailu-programek kontrolatzen dute, eta ezin hobeto funtzionatu behar dute, hutsik txikiena ere egin gabe.
Etorkizun oso hurbilean hiri adimendunetan ibilgailu autonomoen barruan eserita joango gara errepide adimendunetan, eta etxe adimendunetan biziko gara, energia-baliabide berriztagarrien erabilera optimoa egingo dutelarik sare elektriko adimendunaren bidez. Software txertatuaren esku egongo dira jarduera gogaikarriak, eta denborari ahalik eta zukurik handiena ateratzen lagunduko digu, bai lanbide-testuinguruetan eta bai bizitza pribatuan. Horren guztiaren ondorioz, sistema txertatuek azkar hazten ari den eta oso berritzailea den merkatua osatzen dute, softwareak eginkizun garrantzitsua duelarik horretan.
Espainia lehenengo herrialdeen artean dago software-kalitatean ziurtaturiko enpresa garatzaileen kopuruari dagokionez: Europan lehen tokian eta munduan bosgarren tokian dago. Oso kalitate handiko softwarea da; baina askotan enpresek software-probak egitera eskainitako denbora murriztu egiten da kostuak gutxitzeko helburuaz, eta praktika hau sektorearentzat oso arriskutsua da zalantzarik gabe.
Prestakuntza arautuaren gabezia oso handia da software testing eta kalitatean. Berariazko irakaskuntzaren gabezia hau arrisku handia da industriarentzat, software-garapena eta horren kalitatearen kudeaketa egokia giza kapitalari baitagokio zuzenean, bai metodologia eta konponbideen ezagutzan eta bai horiek egoki aplikatzeko gaitasunean. Aldi berean, testing-ean prestakuntzarik ezak eragin negatiboa du enpresaren barruan duen interes, garrantzi eta ahalmenean eta, hala ere, gero eta eskatuagoak dira eta izango dira software-enpresen zerbitzuak, kalitate handiagoa, erantzun-denbora txikiagoa eta kostu neurrikoagoak emateko gai direnak.
Azken urteetan, Europako Batasunak aurrerapauso bat eman du azpiegitura kritikoen babesa ikerketa eta garapeneko nazioarteko jardueren erdian kokatzean. Hala ere, munduko alde guztietako profesionalen artean esperientzien etengabeko trukea egin behar da IKTei aplikaturiko software txertatuaren eremuan egunero sortzen diren arazoei aurre egiteko.
Europan, hainbat biltzar handi sortu ziren truke hori sustatzeko helburuaz eta Bilbon, SQS euskal enpresak urtero QA&TEST antolatzen du, sistema txertatuen kalitate-kontrol eta testing-ean espezializaturiko biltzarra, industriako nahiz mundu akademikoko profesionalak batzen dituena. Atzo, gaur eta bihar hamabosgarren edizioa ari da egiten, topaketa-gune eta eztabaida-foro gisa finkatuta, ezinbestekoa software-industriako profesionalentzat. Funtsezkoa da metodologia eta tresnei dagokienez azken nobedadeak lehen eskutik ezagutzea eta beste profesional batzuen esperientzietatik ikastea, arlo honetan aldaketak hain azkar gertatzen direnez, ezagutza zaharkituta gera daiteke-eta oso laster.