Euskadi berrikuntzan Europako batez bestekora hurbiltzen da. Horrela agertzen da European Innovation Scoreboard (EIS) 2016 delakoan; lehen Innovation Union Scoreboard (IUS) deitzen zen; eta Europako ekonomien berrikuntza-maila neurtzen duen adierazle-panela da. Honela, Eustatek egiaztatu duenez, Euskadik igo egin du bere adierazlearen balioa azken urtean (0,478tik 2015ean 0,482ra 2016an), UE-28-ko batez bestekora hurbilduz, lau ehundarrera bakarrik baitago. Beraz, gure herrialdeak Europarekin bat egiteko prozesuan jarraitzen du.
EIS2016 Europako ekonomiak sailkatzen ditu, eta lorturiko puntuazioaren arabera, lau kategoriatan daude bilduta:
1. Berrikuntzan liderrak diren herrialdeak, batez bestekoa baino %120 baino gehiagoko puntuazioa lortzen dutenak: Suedia (0,70), Danimarka (0,70), Finlandia (0,65), Alemania (0,63) eta Herbehereak (0,63), nahiz eta Europan berrikuntzaren abangoardian Suitza dagoen (0,79).
2. Berrikuntza handiko herrialdeak, Europako batez bestekoaren %90 eta %120 artean dabiltzanak: Irlanda, Belgika, Erresuma Batua, Luxenburgo, Austria, Frantzia eta Eslovenia, 0,61 eta 0,48 arteko puntuazioekin. Euskadi, 0,482ko puntuazioarekin, talde honen mailan egongo litzateke, EU-28ko batez bestekoaren %92,4rekin.
3. Neurrizko bbberrikuntza duten herrialdeak, Europar Komunitateko batez bestekoaren %50 eta %90 artean: Txipre, Estonia, Malta, Txekiar Errepublika, Italia, Portugal, Grezia, Espainia eta beste sei herrialde, 0,45 eta 0,28 arteko balorazioekin.
4. Berrikuntza apaleko herrialdeak (batez bestekoaren %50 baino gutxiago), Bulgaria eta Errumania daude, 0,24 eta 0,18 puntu baitituzte hurrenez hurren.
Euskadi hiru adierazletan nabarmentzen da Europako batez bestekoaren gainetik; horietako bitan ─Giza Baliabideak eta Lokarriak eta Enpresa Ekimena─ eta orain lehenengo aldiz kokatu da argi eta garbi batez bestekoaren gainetik ikerketa-sisteman.