Innobasque Berrikuntza Txostena 2016 atzo aurkeztu zen Gasteizen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen hasierako ekitaldi ofizialean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide garrantzitsuak bertan zirela.
Txostena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren (ZTBES/SVCTI) azterketa konparatiboa da 2005-2014 denboraldirako, azterketa estatistiko eta makroekonomikoak pertzepzio-analisiarekin konbinatzen dituena: Basque Innovation Perception (BIP). Azken hori 308 profesionalen parte-hartzeari esker egindako azterketa da, I+G+b-n aitorturiko esperientzia dute eta Innobasqueko bazkide diren erakundeetakoak dira enpresa, ikerketa, erakunde eta gizarte eremuetan. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziari ematen dion ebaluatzeko eta monitorizatzeko eginkizunean sartzen da Berrikuntzaren Innobasque Txostena (2016).
Lanak erakusten du Euskadi eskualdeko berrikuntza-gune bat dela. Europako Batzordeak horrela aitortzen du, gurea delako Europan berrikuntza handiko lau eskualdeetako bat, neurrizko berrikuntza duten herrialdeetan kokatuta daudelarik. Euskadirekin batera daude Piemonte eta Friuli-Venezia Julia Italian, eta Bratislava Eslovakian.
Gainera, krisi-testuinguruan, Euskadik bere posizioari eutsi egin dio berrikuntza handiko eskualde multzo honetan, bere ingurunearen bilakaera txarra alde batera utzita. Kokapen hori Europarekin bat etortzeko pixkanakako prozesuaren emaitza izan da, Komunitateko batez bestekoaren %81ean egotetik 2015ean %91ra igaro baita Euskadi.
Txostenak berrikuntzan enpresen, batez ere ETEen, bultzadaren garrantzia ere azpimarratzen du. Hala ere, enpresen I+G-ren jarduerak ez du jarraitzen herrialderik aurreratuenen hazkunde-erritmoa. Baita ere ikusten da enpresa-bultzada honek herri-administrazioen laguntza izan duela, enpresen I+G neurri handiagoan finantzatu baitute EB-28ko herrialdeen batez bestekoa baino (2012an %17 Euskadin eta %7 EB-28ko herrialdeetan)*. (*Duela egun batzuk Eustatek argitaratu duenaren arabera, kalifikapen hori %92,4ra igo da 2016an).
Halaber, BIPen parte hartu duen aditu-panelak 10-i buruz 6,26ko kalifikapena eman dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren egungo egoerari. Gainera, neurritasunez baikor agertzen da Sistemaren etorkizunaz, bai I+G+b inbertsioei dagokienez eta bai enpresa-lehiakortasunean eta euskal gizartearen ongizatean duen eraginari dagokionez.
Horren ildotik, Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, “berrikuntzaren lasterketan 2007koa bezalako sprinta egitera” animatu zuen jendea atzo. “Euskadik beste jauzi bat behar du berrikuntzan, honek elikatzen baitu Euskadiren hazkunde-eredua, berrikuntzan lider diren eskualdeekin bat egiteko bokazioa duen herrialde aurreratua”.