Ia 8 milioi tona plastiko joaten dira itsasora. Telefono mugikorrak, hozkailuak, erosketako orgatxoak eta, ez gehiago ez gutxiago, 2.127.565 zigarrokin, 1.024.470 plastikozko botila, 1.212.925 tapoi, 888.589 jaki-bilgarri, 804.497 plastikozko poltsa, 439.571 lastotxo, 402.375 beirazko botila eta 381.669 metalezko txapa daude gaur egun ozeanoan flotatzen, Ocean Conservancyk egindako espedizioaren arabera. Plastiko hori guztia biltzeko 533.000 kamioi beharko genituzke.
Datuak ikaragarriak dira. Baina, zergatik dago horrenbeste plastiko ozeanoan? Urtetik urtera gero eta plastiko gehiago sortzen dugu eta 2013an %4 gehitu genuen plastiko-ekoizpena, Worldwatch Instituteren arabera. Gainera, 2025erako orain dagoena 20 aldiz metatuko dela kalkulatzen da. Science aldizkarian 2015ean argitaraturiko azterketaren arabera, munduan gehien kutsatzen duten 20 herrialdeak, AEB eta Brasil-ez gain, Asia eta Afrikakoak dira, Txina, Indonesia eta Filipinak izanik zerrenda horretan buru.
Nahiz eta zientzialariek ezin duten oraindik ziurtatu zein den gizakiongan izango duen eragin zehatza, egiaztaturik dago plastikoen toxikotasun zuzeneko hau loturik dagoela minbizi, jaiotzatiko akats, arazo immunologiko eta haur-garapenarekin. Hori guztia kontuan izan gabe hondakin horiengatik akabatu diren itsas ugaztun eta hegazti guztiak.
Boyan Slat The Ocean Cleanup proiektu berritzailea sortu zuen holandar gazteak ozeanoetako plastikoa ezabatzeko teknologia eta metodo berria proposatzen ditu. Honek 10 urtera murriztuko luke gaur egun itsasoan flotatzen dabiltzan hondakinen ia erdia batzeko lana. Slat-ek espero du 2020rako bere ideia bete-betean funtzionatzen egotea. Horretarako, Ocean Cleanup fundazioak aurten bertan kanpaina abiarazi du dirua batzeko eta hiru edo lau urteren buruan eskala handiko prototipo operazional bat eraikitzeko, eta dagoeneko baditu sei mila inbertitzaile baino gehiago proiektua bultzatzeko.
Hala ere, ez da aski. Ellen McArthur Fundazioaren arabera, 2050ean plastiko tona gehiago izango ditugu arrain tonak baino; Fundazio honek sustatzen duen ekonomian hondakina baliabide bihurtzen da, hau da, ekonomia zirkularraren eredua. Adidas bezalako marka batzuek dagoeneko merkaturatu dituzte ozeanotik birziklaturiko plastikoz egindako oinetakoak. Egia esateko, Europako Batzordeak jada aurkeztu zuen iazko abenduan ekonomia zirkularrari indar handiagoa emateko neurri-plan bat.
Egoera gorabehera, eragin handiko pertsonek eta markek proiektu berri eta berritzaile hauek sustatzearen ondorioz, pixkanaka, beste guztiok ere geure ekarpena egiten diogu erronka handi honi.