Mundu osoko hiriak eta eskualdeak lehiatzen dira talentua erakarri eta atxikitzeko. Ekonomia gero eta globalagoa eta mugikorragoa den neurrian, hiriak, eskualdeak eta herrialdeak balio-kate globalizatuekin lotzeko eta hazkunde iraunkorrari begira estrategia arrakastatsuak garatzeko duen gaitasunagatik aintzat hartzen den faktorea da talentua. Talentua hazkundearen, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren giltzarria da.
Euskadi/Bizkaia/Bilbok beren burua kokatu gura dute lehiaketa horretan eta Bizkaia Talent-etik txosten eta indize bat prestatzea sustatu da, Europako 27 hiriren lehiakortasuna neurtu eta alderatzeko. Bilbo 14. tokian dago zerrenda horretan, lehenengoak Kopenhage, Zurich eta Helsinki direlarik
“Hiriak eta eskualdeak nola lehiatzen diren globalki biharko talentuen bila” txostenak hirien eta eskualdeen gorakada erakusten du talentuaren lasterketan eta Talentuaren Lehiakortasunerako Europako Indizea bere testuinguruan jartzen du. Azterlanak erakusten du eskandinaviarrek egiten dutela ongien: Kopenhage eta Göteborg hiriak erreferentziatzat har daitezkeen adibideak dira. Gainera, berrikuntza gehiena leku txikietan egiten da, 100.000 eta 500.000 biztanle arteko hirietan, nahiz eta Madril, Paris eta Berlin hiriek ere puntuazio handia lortu. Halaber, garbi geratzen da nazioarteko lankidetza funtsezkoa dela konponbideak identifikatzeko. Hiriak leku paregabeak dira berrikuntza-politikak elkartzeko, eta beraien artean loturak sustatzea, datuak eta esperientziak trukatzea funtsezkoa da arrakastarako.
“Talentuaren gerra” honetan leku bakoitzak bere balio-proposamena egiten du. Txostenaren arabera, Euskadi/Bizkaia/ Bilbo proposamenak 9 alderdi hauek izan behar ditu kontuan:
- Ahalegin handiagoak bertoko datuak batzeko
- Open data bidez eskualdeko gaitasunen osaera mapatzea
- Helburu neurgarriak izatea
- Jardunbiderik egokienak aukeratzea
- Lehentasunak hautatzea eta helburuak segmentatzea
- Nazioarteko lankidetzaren bidez ikasten jarraitzea
- Atzerriko talentua erakartzeko indar-guneetan oinarritzea
- Bizkaiko brandinga eraikitzen jarraitzea
- “Enbaxadoreak” eta diaspora inplikatzea.