Zer ez dugu egiten eta egin beharko genuke? Zer ari gara egiten egin beharko ez genukeena? Horiek dira Innobasquek egiten dituen galdera batzuk bazkide diren erakunde eta pertsonen sarearekin harremanak hobetzeko. Sare hau aberatsa, askotarikoa, heterogeneoa da eta hainbat tipologiatako mila erakunde baino gehiago daude bertan: enpresak, ezagutza- eta ikerketa-zentroak, herri-administrazioak eta gizarte zibileko kideak. Lankidetzan, Euskadi gizarte berritzaile bihurtzeko lanean ari gara.
Nola hobetu dezake Innobasquek sare ahaltsu horretako kide direnen esperientzia? Bere tamaina, dibertsitatea eta lotura gehitzeko helburuaz, joan zen irailean eta urrian inkesta egin genuen, Innobasque esperientzia bizi izan ondoren bazkide erakundeen pertzepzioa eta balioespena jakiteko. Posta elektronikoz bidali eta Adimen-ekin batera diseinaturiko galdeketa hari, bazkide erakundeek (%95) nahiz bazkide ohiek (%5) erantzun zioten. Parte-hartzea 2015ean baino handiagoa izan zen, %47 handiagoa, %6,7tik %9,9ra igaro baitzen. Guztira 433 lagunek erantzun zioten.
Innobasque berrikuntzarako topaketa-gune izatea nahi dute gehienek, networking aurreratua sustatu, proiektu berritzaileak bultzatu, euskal berrikuntza ikusgai bihurtu eta berrikuntzaren kultura eremu guztietan, bereziki enpresa-munduan, zabaltzen laguntzeko, herri-proiektu baten ikuspegi partekatuarekin.
Innobasqueren irudia alderdi balioetsienetako bat izan da; enpresak eta gizartea agertzen dira kritikoenak; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako erakundeek, Administrazioak eta beste erakunde batzuek pertzepzio positiboagoa dute. Nolanahi ere, Innobasquek egindako jarduerarekiko gogo-betetasuna handia da (7,11), hobekuntza esanguratsua 2015ekoaren aldean, orduan 6,27 izan baitzen.
Halaber, azterketan parte hartu dutenen aldetik preskripziorako joera handia ageri da, %96,4k gomendatuko bailieke Innobasque beste batzuei.
Honela, proiektu berritzaileen bultzada sustatu beharreko ardatzetako bat da, gehiengoak lehentasunezkotzat jotzen duelarik. Innobasqueren jarduera bere bazkideei begira non indartu beharko litzatekeen galdetuta, lankidetza edo networking daukate eskaera nagusi gisa, eta jarraian proiektu berritzaileak bultzatzea eta berrikuntzaren kultura sustatzea.
Horren haritik, enpresek eta gizarteak garrantzi handiagoa ematen diote proiektu berritzaileak egoteari; Administrazioak eta ZTBESek, berriz, gehiago balioesten dute politika publikoak zehazteko laguntza-lana.