“Trata gaitzatela pertsonak bagina legez”. Hori erantzun zuen Balmaseda, Bilbo eta Leioako 9 eta 11 urte arteko 84 neska-mutikoetako batek; beste 76 heldu edo nagusirekin batera “Umherri16: hiria eta haurrak” kongresuaren hirugarren edizioan parte hartu zutenetako bat izan zen. Azaroaren 17an eta 18an Bilbon egin ziren jardunaldietan 300 pertsona inguru batu ziren, eta bertan ikuspegi teoriko eta praktikotik erronka eta aukera bat jorratu zuten, alegia, haurren ikuspegia hirien diseinuan sartzeak suposatzen duena politika, komunitate eta hirigintzaren ikuspegitik.
Jardunaldiak Haurren Hirien Sarea-k antolatu zituen; 12 euskal udalerri daude Innobasquek HerriLaborategia-rekin lankidetzan sustaturiko lantalde honetan; eta HerriLaborategia eragileen partzuergo bat da, udalerri mailan jendearen hazkunde kolektiboari eta garapen pertsonalari loturiko komunitate-kultura sustatzen duena, abiapuntutzat Franceso Tonucci-ren La citta dei bambini proiektua hartuta.
Edizio honetan, UmHerri elkarrekin ikasteko, partekatzeko eta irudikatzeko gune bat izan da: nola eralda ditzakegun geure herri eta hiriak, askotariko ikuspegiak, esperientziak, begiratzeko eta bizitzeko erak txertatuz. Neska-mutikoek eta pertsona helduek galdera gisa planteaturiko lau erronka hauei lankidetzan erantzun gura izan zieten:
- Zer egin genezake zuek herrian oinez lasai ibiltzeko zeuen kasa?
- Zer egin genezake zeuei eragiten dizueten gauzetan parte hartu dezazuen?
- Nola lortu genezake jolas gehiago eta hobeto egitea?
- Zer egin genezake guztiok elkarrekin ikasi eta batera hazteko?
Emaitzak, ondorioak, erabilitako agiriak eta materialak, baita prozesu osoaren deskribapena ere, “Haurrak eta helduak. Hiria elkarrekin lantzen” argitalpenean bildu dira, eta esteka honetan duzue ikusgai kontsultatzeko.