MONDRAGON Korporazioko lehendakaria den Iñigo Ucín-ek eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia den Leire Bilbaok lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur FIRST LEGO League Euskadi eskola-lehiaketa antolatzeko. Bi erakundeak jabetzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko interesa gazteen artean piztu beharraz; eta ikasleek beren garapen profesional eta pertsonalerako zehar-gaitasun garrantzitsuak ─adibidez, talde-lana, komunikazioa edo arazo konplexuen konponketa─ garatu ditzaten lagundu nahi dute elkarlanean.
Horren haritik, Innobasquek STEAM (ingeleseko siglen arabera: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) Hezkuntza bultzatzeko programa bat du, ‘Berrikuntza Eskola’ deitua, eta hor kokatzen da FIRST LEGO League Euskadi (FLL Euskadi). MONDRAGON eta Innobasque elkarlanean arituko dira FLL Euskadi-n ikasteko eredu hau bultzatzeko, non bost jakintza-arlo horiek, ikuspegi interdiziplinar eta aplikatuaz, era integratuan irakatsi eta ikasten diren, bereizita egin ordez.
FIRST LEGO League ume-umetatik zientzia- eta teknika-bokazioak pizteko hezkuntza-proiektua da, Innobasquek Euskadin 2009tik antolatzen duena, eta bertatik 2.500 ikasle baino gehiago igaro dira. Lehiaketa osatuz, Innobasquek prestakuntza-programa ere antolatzen du, enpresetara eta I+G+b zentroetara bisitak egin eta hitzaldiak eskainiz.
Hitzarmen hau sinatuta MONDRAGON FLL Euskadi-ren laguntzaile nagusietako bat bihurtuko da. Honela, aktiboki parte hartzera konprometitzen da, kooperatibak zientzia- eta teknologia-arloetan duten ezagutza partekatzera bultzatuz. Korporazioak eskola-taldeen parte-hartzea ere bultzatuko du eta boluntariotza korporatiboa aktibatuko du MONDRAGON osatzen duten 100 kooperatiben artean.
Iñigo Ucínek esan du akordio hau “gure gizarte- eta enpresa-politikan erabat sartzen den ekintza dela eta, besteak beste, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren balioak bultzatu nahi dituela. Berrikuntza eta ekintzailetzarako jarrera duten gazteekin askoz errazagoa izango da etorkizunean teknologia, enpresa eta gizarte arloetako erronkei aurre egitea”.
Bestalde, Leire Bilbaok nabarmendu du “pentsamolde berritzailea sustatu behar dugula gazteen artean, horiek baitira etorkizuna berrituko dutenak. Eta hori beraien lanbide-bokaziotik aparte egin nahi dugu, berrikuntza bermatzeko bizitzaren aurrean jarrera egoki gisa”.
Azkenik, bi erakundeek azpimarratu dute STEAM gaitasunak sustatu behar dituztela bereziki nesken artean eta egoera ahulean dauden ikasleen artean.