Uztailaren 13an aurkeztu zen Donostian Euskal Autonomia Erkidegoko Global Monitor Entrepreneurship 2016, GEM CAPV 2016, Euskadiko ekintzailetzaren diagnostikoa; eta erakusten du mantendu egiten dela ekintzailetza-jarduera Euskadin eta hobetu egin dela bere gizarte-balorazioa.
Alberto Bokosek, edizio honetan proiektuaren erakunde-bazkidea den Innobasqueko Elkarlaneko Berrikuntzaren zuzendariak, euskal ekintzailetzaren fenomenoaz ondorengo analisia egin zuen:
“GEM Euskadi txostenaren edizio berri bakoitzak egindako jardueraren, ibilbidearen eta azpian dautzan ikuspegien berrikuspen-ariketa zorrotza suposatzen du. Horren haritik, nazioarte-mailan GEMaren ikuspegi konparatuak ikuspegi aberasgarri eta beharrezkoa eman du. Zeren eta txosten hau, gainera, eta atarian esaten dugu hori, tresna kritiko bat da jarduera ekintzailea hobeto ulertzeko. Ulerkuntza sakon horrek aukera ematen digu gero eta hobeto ulertzeko nola dihardugun sistema gisa, pertsona ekintzaileen profila eta motibazioa, eta aurkezten diren aukerak.
Azken lau edizioetan Innobasqueren ibilbidean ikasitako gauza batzuk azpimarratu behar bagenitu, EAEkoa bezalako ekonomia aurreratuetan berrikuntza eta ekintzailetza korrelazioan jartzen dituzten ezaugarriak aipatuko genituzke. Ezaugarri horietako bat ingurune ekintzaile dinamikoa egotea da, txostenean bikaintzat jotzen dena, horretan esku hartzen dutelarik hainbat eragile, programa, politika, azpiegitura, ikertzaile eta abarrek, ETEak, eta bereziki ETE txikiak, nagusi diren enpresa-sarean.
Datu bat eskaintzeko, euskal industria-ETEek 16 enplegatu dituzte batez beste, Alemaniakoek 34. Horrek berekin dakartzan gabezia guztiekin nazioartekotze, elkarlan edo berrikuntzari begira. Hiru faktore horietan tamaina erabakigarria da.
Halaber, korrelazio honetan, esan behar da, duela hilabete baino gehixeago, Euskadi berriro identifikatu duela Europako Batzordeak berrikuntzako HUB bezala. Horrek, zalantzarik gabe, jokaleku lehiakor bihurtzen du jarduera ekintzailean eragiten duten joko-arau batzuekin, bere fase eta dinamika guztietan.
GEMari esker ikasi dugu, ekonomia lehiakorragoa den neurrian, sortzen diren enpresen tasa jaitsi egiten dela. Horregatik, enpresa berriak sortzeko tasa handiagoa da garatze bidean dauden ekonomia batzuetan Europan baino. Halaber, komeni da kontuan izatea ekonomia lehiakorretan sarrerako hesiak altuagoak direla, hauen merkatuetan sartzeko trebetasun handiko giza osagaiaz gain, balio erantsi handiagoko produktua/zerbitzua behar baita, eta ziur asko hori berrikuntza handiagoari lotuta dago.
Baita ere badakigu ekonomia lehiakorrek hobetu egiten dituztela berrikuntzaren garapenerako baldintzak, pertsonak hobeto prestaturik baitaude, ezagutza-transferentzia arinagoa da, ekinbideak garatzeko baliabideak errazago eskuratzen dira, eta berrikuntzari loturiko aukera berriei buruzko pertzepzioa hobetu egiten da. Euskadin ekintzailetzarako motibazio nagusia aukera edo abagunea da oraindik, ez behar edo premia. Baina, nola ari gara bideratzen jarrera ekintzailea/berritzailea? Bada, gurearen antzeko ekonomien berezko patroiei jarraituz, non jendeak bere gaitasun berritzaileak eta bere aukerak aktiba ditzakeen egitura formalizatuen bidez, hau da, bere ekonomiak dituen bitartekoez, bai publikoan eta bai pribatuan (enpresetan, administrazioan, elkarteetan…). Gainera, bere baliabideak arriskuan jartzea saihestuz.
Ez dezagun ahaztu porrotaren beldurra mantendu egiten dela Euskadin ekintzailetzarako oztopo gisa. Horren haritik, ikusten dugu hobetu egin dela jarduera (intra)ekintzailearen garrantzia, euskal ekintzailetzaren bereizgarri bihurtu delarik. Zalantzarik gabe, (intra)ekintzailetza indartu egingo da martxan jartzen ari diren ekinbideengatik, horien artean zalantzarik gabe BIND 4.0 nabarmentzen delarik.
Honela, Euskadi, ekintzaileen intentsitate apala duen arren, nabarmendu egiten da bertan sortzen ari diren enpresa asko berritzaileak direlako (ekinbideen %45,5ek produktu/zerbitzu berritzaileak dituzte). Biztanle ekintzaileen berrikuntza-maila hobetu egin da eta datu hau euskal ETE berritzaileen antzekoa da (%45). Ondorioz, gure ekintzailetzaren ezaugarri indartsua da berrikuntza, hazkundera bideratua, enplegua sortzeko joera duena, eta gainera modu nabarmenean hurbileko beste lurralde batzuekin alderatuta. Amaitzeko, zein da erronka? Ekintzailetza gehiago eta berrikuntza gehiago.”