Dagoeneko zabalik da Elkarlan sarien hirugarren edizioa; Eusko Jaurlaritzak deitzen ditu balio publikoa elkarlanean sortzen duten proiektuak saritzeko. Urriaren 18ra arte aurkez daitezke osasun, ingurumen, ekonomiaren garapen, ikaskuntza edo gizarte-kohesioaren eremuetan premiaren bat asetzen duten proposamenak, baita, lehen aldiz, open dataren ─hots, datu erabilgarriak libre berrerabiltzeko filosofiaren─ eremuan ere. Aurreko edizioetan bezala, gizarte zibileko erakundeak (GKE, elkarteak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta abar) aurkez daitezke, pertsona eta taldeen ahalduntzea aktibatzeko ahalmena duten proposamenekin.

Hautagaiak aurkezteko epea datorren urriaren 27an amaituko da, eta elektronikoki egin daiteke, esteka honen bidez. Sarietarako oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere ikus daitezke.

Saritutako proiektuek 6.000 euroko diru-laguntza jasoko dute eta proiektuaren zabalkundea informazio- eta komunikazio-hedabideetan. Saria emango zaie osasun, ingurumen, ekonomiaren garapen, ikaskuntza eta gizarte-kohesioaren eremuetako hiru proiekturi. Laugarren proiektu bat sarituko da open data kulturaren kategorian.

Aurkezturiko proiektuak honako hauek osaturiko epaimahaiak baloratuko ditu: aurreko edizioan irabazle izandako ekinbideen ordezkariek; Herritarren Arretarako eta Administrazioaren Berrikuntza eta Hobekuntzarako Zuzendaritzak; Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak; Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako eta Administrazioaren Berrikuntza eta Hobekuntzarako Zuzendaritzako Gobernu Onaren eremuan Berrikuntza Publikoko arloak; eta Innobasqueko Berrikuntza Publikoko Zuzendaritzak.

Sari hauekin, Eusko Jaurlaritzak herritarren parte-hartzeari laguntzeko formulak esperimentatzea ahalbidetzen duten esperientzia berritzaileen garapena sustatzeko bere konpromisoa betetzen du, Euskadirako Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zurian jasotzen den bezala. Dokumentu hori tresna bat da elkarrizketa, negoziazio eta akordiorako mekanismo iraunkorrak sortzeko Euskal Herri Administrazioaren eta herritarren artean, honek zuzenean parte har dezan berari dagozkion erabakietan.  

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago