Manufaktura-sektorearen goraldia eurogunean areagotu egin da irailean marka historikoak hausteraino, krisialdiaren aurreko balioetara iritsiz. Gainera, enpleguaren sorkuntzak ere errekorrak hautsi ditu. Horrela ondorioztatzen da PMI (Purchasing Managers Index) indizetik, joan zen hilean 58,1 puntura, azken 17 urteetan behin bakarrik gainditu den mailara, iritsi zelarik.

Indize honek ekonomiaren etorkizuneko portaera iragartzen du enpresen eskariaren bidez. IHS Markit-ek egina da sektoreko 3.000 enpresako panel baten bidez, Alemania, Frantzia, Italia, Espainia, Herbehere, Austria, Irlanda eta Greziako datuak biltzen dituelarik. Zortzi herrialde hauek euroguneko industria-jardueraren %90 daukate ia. PMI indizea 58,1 puntura iritsi zen irailean, eta horrek esan nahi du zazpi hamarren egin duela aurrera aurreko hilabetearekiko, eta daturik handiena da 2011ko apiriletik.

Indizean 50 punturen gainetiko erregistroak hazkundea adierazten du eta azken datuak adieraziko luke urte arteko aurrerapena %6,5 baino gehixeagokoa izan dela.

Eskaera-zorroen hazkundea handiagotzeak langile gehiago kontratatzera bultzatu ditu fabrikatzaileak, azken 20 urteotan ikusi gabeko tasaraino. Hala ere, egiteke dauden eskaerak erritmo handiagoan metatzen dira, eta horrek iradokitzen du kontratazioaren susperraldiak oraindik baduela hazteko marjina.

Industria-susperraldia orokorra izan da Europako herrialdeetan. Alemania sailkapenaren buru dago berriro, eta PMI indizea bere gorenera iritsi zen hirurogeita hamazazpi hilabeteetan; Herbeheretako PMI indizeak hirurogeita hemeretzi hilabetetako marka hautsi zuen, bigarren tokian kokatuz orokorrean. Austria izan zen berriro ere emaitza oneneko herrialdeetako bat, nahiz eta bere hazkunde-erritmoa mantsotu egin zen lau hilabeteko minimoraino.

 

Etorkizunari buruzko baikortasuna ere hobetu egin da, eta euroguneko ekoizleen artean dagoen gogo-aldarte gero eta positiboagoa nabarmentzekoa da. Orain arte euroaren sendotasunak ia ez dio eragin esportazioen hazkundeari, eta barne-eskariaren baldintzak oro har hobetu egin dira.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago