Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak (GIH) Nazio Batuetan dauden 193 estatuek onartu zituzten, Garapen Iraunkorreko Agenda garatzeko helburuaz 2030erako. Agenda honek desberdintasuna murriztea, hazkunde inklusiboa sustatzea, pertsona guztientzako lan duina lortzea eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea bilatzen du. Helburu handinahi hauek lortzeko, beharrezkoa da gobernuen inplikazioa, sektore pribatua, mundu akademikoa eta gizarte zibila.
Aliantza Estrategikoen Jardunaldiaren III. edizioan, Innobasqueren Astearteak esparru barruan, -oraingoan ardatza enpresaren egunerokoan GIHen inplementazioa izango da-, Garapen Iraunkorreko Agenda 2030 ere ezagutaraziko da, batez ere Hirugarren Sektoreko enpresa eta erakundeetan, beraien arteko lankidetza sustatzeko helburuaz, bi aldeentzako onurak erakutsiz.
Eusko Jaurlaritza, Cebek, Ayuda en Acción, Mundukide, Munduko Medikuak, Unicef, Vicente Ferrer Fundazioa, Unesco Etxea eta Innobasque dira antolatzaileak, eta jardunaldian tailer praktiko bat ere izango da. Ekitaldia azaroaren 7an izango da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.
Ekitaldiari hasiera Leire Bilbaok, Innobasqueko zuzendari nagusiak, emango dio. Bere atzetik Javier Cortések hitz egingo du, munduko ekimen korporatibo iraunkor handiena den Nazio Batuen Global Compacten arduradunak; mundu osoko enpresei egindako deia da, estrategiak eta ekinbideak giza eskubideen printzipio unibertsalekin bat etorrarazteko eta gizarte-helburuak lortzen aurrera egiteko.
Ondoren, Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, Alberto Garcinuñok, Cebekeko lehendakariak, eta Leire Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako zuzendariak, Javier Cortésekin eztabaidatuko dute nola inplementatu gaur egun GIHak enpresa-erakundeetan.
Elementu berritzaile gisa jardunaldi hauetan, Garapen Iraunkorreko Helburuen eremuan esperientzia eta emaitzak dituzten beste erakunde batzuengana ireki da parte-hartzea, hitz egin nahi badute Esperientzia Mahaietan. Bidal iezaguzu zeure proposamena uetxebarria@innobasque.eus helbide elektronikora ondorengo galdetegia betez. Urriaren 25era arteko epea duzu hori egiteko.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean izango den jardunaldira etortzeko, izena eman behar da esteka honetan.