Euskadiko Zientziari buruzko Txostenak (2017) Euskadiko 2006 eta 2016 arteko emaitzak jasotzen ditu, populazio ikertzaile, zientziaren finantzaketa, zientzia-emaitza eta teknologiaren transferentziari dagokienez. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zientzia-zuzendaria izan dira argitalpen honen aurkezpenean, eta bertan agertzen denez, munduko zientzia-ekoizpena, hainbat urtez gehitu ondoren, orain gelditu egin da.
Euskadin ere eman da joera hori, nahiz eta bere pisua munduan gehitu egin den etengabe azken hamarkadan, hazkunde-tasa handiagoei esker. Fernando Cossioren iritziz, “zientzia-sistema hazi egiten da egiten den ikerketaren kalitatea arriskuan jarri gabe”. Uriarterentzat, emaitza hauek erakusten dute “Eusko Jaurlaritzak ikerketaren alde egiten jarraitzen duela Euskadiren etorkizunaren giltzarri gisa”.
Azterketa honetatik ateratzen diren daturik ohargarrienak hauek dira:
1.- Euskadiren pisua estatuan eta munduan gehitu egin da etengabe azken hamarkadan, hazkunde-tasa handiagoei esker. 2016an, Euskadiko zientzia-ekoizpena Estatuko guztiaren %6,61 izan zen.
2.- Euskadi urtean 2.100 dokumentu argitaratzetik 2007an, 5.212 argitaratzera igaro da 2016an, eta horrek %148 gehiago esan nahi du hamarkada batean.
3.- Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa da Europako Batzordearen Horizon(te) 2020 programaren finantzaketa erakartzen, Katalunia eta Madrilen atzetik.
4.- Sortu berri diren BERC eta CIC zentro batzuek gainditu egin dute urtean indexaturiko 100 zientzia-argitalpenen langa, eta dokumentu bakoitzeko aipu kopuru handiena jasotzen dutenak dira.
5.- Lehenengo kuartileko aldizkarietan argitaraturiko zientzia-ekoizpenaren ehunekoa gehitu egin da etengabe azken hamarkadan Euskadin, eta zientzia-ekoizpenaren %42,6 lehenengo kuartileko aldizkarietan argitaratzetik, 2015ean %51,62 argitaratzera igaro dira.
6.- Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia herrialdeekin egiten dute elkarlan gehien Euskadiko ikertzaileek ikerketa-emaitzak argitaratzeko orduan.
7.- Physical Sciences and Engineering eta Biomedical and Health Sciences eremuek biltzen dituzte Euskadiko zientzia-argitalpenik gehienak, guztiaren %35,11 eta %29,02, hurrenez hurren.
8.- Azken hamarkadan, emakume gehiagok lortu dute doktoregoa gizonek baino. Hala ere, kategoriaka azterketa eginez gero, ikusten da mailarik seniorrenetan batez ere gizonezkoak daudela.
9.- Euskadik zenbait postu aurreratu ditu azken urteetan, eta zientzia-ikerketaren ekoizpen eta inpaktuan lider diren autonomia-erkidegoen artean kokatu da.
10.- Zientzia-ekoizpen indexatua oso erritmo handian hazi da Euskadin, 2007an 167 argitalpen izatetik 908ra igaro da 2016an, eta horrek %450eko hazkundea esan nahi du.