Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen hamazazpigarren edizioari eman dio hasiera Bilboko Euskalduna jauregian. Astea Europako ekinbide bat da, eta bertan, azaroaren 6tik 12ra, Innobasquek eta EHUko Zientzia Asteak koordinaturiko erakunde askok 150 dibulgazio-jarduera baino gehiago antolatu dituzte, euskal zientzia eta teknologiaren gaitasunak gizarte osoari ezagutarazteko, horrela zientzia eta berrikuntzarako joera handiagoko gizarte-ingurunea sortzeko, betiere jakintzan oinarrituriko ekoizpen-eredu eta gizartean sakontzeko helburuaz. Lehendakariarekin batera bertan izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide garrantzitsuak; Kontseilu hau zientzia, teknologia, ikerketa eta berrikuntza arloetako politikan parte hartu, aholku eman eta lidergoa zertzeko organo gorena da. Bertako kide dira Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, zenbait sail (Ekonomia Garapen eta Azpiegitura, Hezkuntza, Osasuna…), Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusia; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiak; UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, IK4 Research Alliance, Jakiunde, Innobasque, SENER, MONDRAGON Korporazioa, Siemens-Gamesa eta Gestamp.
Bere presentziarekin, Euskadik zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin duen konpromisoa bihurtzen du ikusgai Urkullu lehendakariak. Azaldu duenez, “berrikuntza lehentasun bat da” eta 11.100 milioi euro inbertituko ditugu 2020 urtera begira 40 ikerketa bide garatuz. Lehendakariak aipatutako helburuetan badago euskal berrikuntzari nazioartekotze dimentsioa ematea. Horrela, Lehendakariak azaldu du Teknologia Zentroak eta Ikerketa Zentroak batuko dituen Erakunte Teknologiko bat sortzeko prozesua martxan jarri dela.
Bestalde, Alberto Garcia Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, azpimarratu duenez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak ─bera ere kide da─ Euskadirentzat erronka gisa identifikatu du talentua eta zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzea hezkuntza-sisteman, hau ere jasota dagoelarik 2020 Euskadi Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean. Horren haritik, azpimarratu du, Europako Berrikuntza Adierazleen Panelaren (EIS 2017) eta Eustat-en arabera, Euskadiren dimentsiorik onenak berrikuntza-arloan hauek direla: bere giza baliabideak, ikerketa-sistema erakargarria eta berrikuntzarako ingurune mesedegarria.
Jorge Undak ─SENER-eko zuzendari nagusiak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kideak─ esan du enpresaren gaitasunak bere pertsonen gaitasunen araberakoak direla: “Milaka aldiz errepikatu dugu SENER-en gure pertsonak iristen diren punturaino iritsiko garela, baina hau beste erakunde batzuetara ere hedatu daiteke”. Adibide gisa SENER ingeniaritza eta teknologiako enpresa jarrita, adierazi du profesionalak direla, eta ez etekinak bakarrik, enpresa-arrakasten neurri argi eta garbia, beraiengan baitaude enpresako gaitasun nagusiak eta esperientzia. Onenak enpresan sartzeak, horien garapenak eta, aurrekoaren ondorioz, horien motibazioak etengabeko erreferentzia izan behar du eragiketetan eta enpresa-estrategiaren gai nagusia.
Zientzia, teknologia eta berrikuntzarako talentua
Undaren hitzen ondoren, mahai-ingurua izan da eta bertan parte hartu dutenak Fernando Cossío, Ikerbasque-Zientziarako Euskal Fundazioaren zuzendari zientifikoa; Iciar Martínez, UPV/EHU-ko ikertzailea eta PIE-Plentzia Marine Station, eko ikertzailea; Eduardo Jauregi, Irisbondeko sortzailea eta zuzendari nagusia; Jordi Artigas, ABB Españako Negozio Garapenaren arduraduna; Ángel Domingo, Kataluniako Generalitat-eko Hezkuntza Saileko Berrikuntza, Prestakuntza eta Orientabide zuzendariordea; eta Estibaliz León, Innobasqueko proiektu-arduraduna.
Cossiok azpimarratu du Euskadik azken hamarkadan izan duen zientzia-ekoizpena hazi egin dela hiru bider, zientzia-komunitatearen talentuari esker, 5.000 artikulu baino gehiago argitaratu eta 120 milioi euro baino gehiago lortu baititu Euskadin ikerketa-proiektuetarako. Halaber, zientzia-talentuaren garapenean honako hiru eremu hauen garrantzia azpimarratu da, ongi orekatuz talentua biltzea, atzerrira joandakoa itzul dadin lortzea eta hemen atxikitzea. Bere aldetik, Martinez-ek azaldu du nolakoa den honelako karrera baten garapena, genero-ikuspegia emanez.
Ondoren, lantzen ari diren proiektuan pertsona-robot interakzioak talentua garatzeko dituen aukerak aztertu dituzte Jauregik eta Artigas-ek. ABB eta Irisbond-ek Eusko Jaurlaritzaren BIND 4.0 programan parte hartzearen emaitza da, 4.0 industria sektoreko startup eta enpresen arteko lankidetza sustatzen duena.
Azkenean, León-ek eta Domingok STEAM Hezkuntzaz hitz egin dute; zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematiken akronimoa da STEAM, ingelesezko siglen arabera. STEAM hezkuntza ikasteko eredu bat bezala definitu du Leonek, non bost jakintza-arloak era integratuan lantzen diren, ikuspegi interdiziplinar eta aplikatuarekin, eta ez bakoitza bere aldetik bereizita. Honela, gazteek berrikuntzari buruzko gaitasunak garatu ditzakete, aparte utzita zientzia- eta teknika-arloko lanbideren batera joko duten edo ez. Bestalde, Domingok azaldu du STEMCat Planak, Kataluniako Gobernuko Lehendakaritza sailak sustaturik aurtengo ikasturtean Katalunian indarrean sartu denak, jendearen kultura teknologikoa eta zientzia eta teknologiaren pertzepzioa hobetzea bilatzen duela, horrek gizarte-ongizatean duen eragina jendartean ezagutaraziz. Eta hori lau publiko bereizi kontuan hartuta egiten dute: irakasleak, ikasleak, enpresak eta elkargo profesionalak, eta gizartea.