Genero-arraila murrizten munduak oso aurrerapen txikia egin du 2012tik. Horrela agertzen da OCDEren “The pursuit of gender equality” txosten berrian, eta bertan esaten da herrialdeek askoz gehiago egin behar dutela desberdintasun hori berdintzeko. “Genero-berdintasuna bilatzeak lehentasuna izan behar du hazkunde iraunkorra eta inklusiboa lortzeko hiritar guztien onurarako”, adierazi du G20 eta OCDEko Kabinete-burua den Sherpa Gabriela Ramos-ek txostena aurkezterakoan. “Ez dago inolako arrazoirik emakumeak gizonen atzetik ibiltzeko emaitza sozial, ekonomiko eta politikoei dagokienez. Herrialdeek askoz gehiago egin behar dute genero-berdintasunaren helburuak lortzeko”.
Genero-berdintasunari buruzko 2012ko txostenean, OCDEko herrialdeek genero-desberdintasunaren hiru arazo nagusi identifikatu zituzten: emakumeen aurkako indarkeria, generoen arteko soldata-arrail iraunkorra eta ordaindu gabeko lanaren banaketa desberdina. Herrialde asko gai hauei lehentasuna ematen ari dira beren politiketan, eta asko ari dira presionatzen ere emakume gehiagok parte har dezaten sektore publiko eta pribatuaren lidergoan.
OCDEko herrialde gehienak lantokiko jazarpenari aurre egiten ari dira lege eta araudi sendoagoen bidez. Australia, Alemania, Italia, Japonia, Mexiko eta Erresuma Batuak neurriak sartu dituzte emakumezko gazte gehiago animatzeko zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika (STEM) aukeratzera, baita gizonezko gazteak ere osasun eta hezkuntzaren arloetan ikasi eta lan egitera.
Hala ere, genero-arrailek iraun egiten dute herrialde guztietako gizarte- eta ekonomia-bizitzako arlo guztietan, eta arraila horien tamaina gutxi aldatu da azken urteotan. Egia izanik ere emakume gazteak gizonezko gazteak baino kalifikazio edo nota hobeekin irteten direla eskolatik OCDEko herrialdeetan, probabilitate gutxiago dute errendimendu handieneko STEMekin erlazionaturiko arloetan ikasteko.
Emakumearen parte-hartze tasak lan-merkatuan gizonezkoen tasetara hurbildu dira azken hamarkadetan, baina oraindik, OCDEko herrialde guztietan, emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dute lan ordaindua egiteko. Emakumeek lan egiten dutenean, gertagarriagoa da denbora-zatiz egitea, aukera gutxiago dute zuzendaritza-postuetara igotzeko, aukera gehiago diskriminazio edo bereizkeria jasateko, eta gizonezkoek baino gutxiago irabazten dute. Emakume langileek batez beste ia %15 gutxiago irabazten dute gizonezkoek baino OCDE osoan, eta tasa hori gutxi aldatu da 2010etik.
Aukera gutxiago dute emakumeek enpresaburuak izateko, eta emakumeen jabetzako enpresek gizonezkoenek baino gutxiago irabazten dute.
Genero-arrailek handiagotzeko joera dute adinarekin, eta aitatasunari genero-berdintasunean dagokion betekizun erabakigarria erakusten du horrek. Amatasunak ondorio negatibo handi samarrak ditu lan-merkatuko partaidetzan, soldatan eta lanbide-garapenean.
Genero-desberdintasunek bizitza publikoan ere badute eragina: emakumeak azpiordezkaturik daude kargu politikoetan, legislatura nazionaletako behe-ganberetan aulkien heren bat baino gutxiago dagokie eta.
Herrialdeek emakumeen lidergo-aukeretan ere inbertitu behar dute, mentoring-aukera eta sareen babes bidez, esate baterako. Aldi berean, goi-zuzendaritzako gizonezko ereduek aldaketa bultzatu behar dute genero-estereotipoetan eta emakumeek lidergoa zertzea oztopatzen duten arauetan.
Oraindik zeregin asko dago genero-arrailak murrizteko herrialde guztietan. Txostenak gizarte-kasua ez ezik, ekonomia-ekintzaren indar-gunea ere deskribatzen du: G20 liderrek erabakitakoaren arabera, laneko partaidetzan genero-arraila 2025erako %25 murrizteak ehuneko puntu bat igo ahal izango luke OCDEko herrialde bakoitzean proiektaturiko oinarrizko BPGren hazkundea 2013-25 denboraldian, eta ia ehuneko 2,5 puntu genero-partaidetzaren arrailak erdira murriztuko balira 2025. urterako.
2013tik, OCDEko herrialdeen bi heren inguruk ordainsariei buruzko berdintasun-politika berriak ezarri dituzte, gardentasun handiagoa inplikatzen dutenak ordainketa-arloan eta enpresek gero eta premia handiagoa dute generoen arteko soldata-ezberdintasunak aztertu eta jendarteratzeko. Herrialde askok neurriak sartu dituzte lehen haurtzaroaren kalitatezko hezkuntzarako eta arretarako aukera hobetzeko ere, eta aitatasun-baimena hartzera bultzatu dituzte aitak: hainbat herrialdek ─Kanada, Japonia, Korea eta Polonia barne─ gehitu egin dituzte laguntza edo onurak haurrak zaintzeko; eta beste batzuek, Norvegiak eta Erresuma Batuak adibidez, sartu edo handiagotu egin dute haurren doako zaintza.