“Fabrikazio aurreratua IKTak baino askoz gehiago da. Materialak, eraldaketa-prozesuak, ekoizpen-baliabideak eta balio-kate osoaren euskarri diren sistemak sartzen dira hor. Hau da, fabrikazio aurreratuan industria-sektore ia guztiak sartzen dira eta balio-katearen fase guztietan”, azpimarratu du Cristina Oyón-ek, SPRIko Ekinbide Estrategikoen arduradunak. Oyonek fabrikazio aurreratuko gakoak ─Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (Euskadi 2020) Planean (ZTBP) jasoak─ azpimarratu ditu, Euskadiren kokapena sendotu nahi duelarik industria-oinarridun ekonomia gisa, baita balio erantsi gehiagoko fabrikazioa bultzatu ere, beste helburu batzuen artean. Honela azaldu du gaur Elgoibarko IMHn egindako mintegi batean; tokiko garapen-agentzia den Debegesa-Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egin da, eta fabrikazio aurreratuak euskal ETEei eskaintzen dizkien negozio-aukerak ezagutarazteko balio izan du.

Saioa jardunaldi eta mintegi programa zabal baten parte izan da, eta horietan Innobasquek, Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta tokiko garapen-agentziekin lankidetzan, ZTB Plana ETEen errealitatera hurbilduko du, eta eskaintzen dizkien negozio-aukerak azalduko dizkie: balio erantsi handiagoa eman ahal izateko, lehiakortasuna gehitzeko eta euskal lehentasun estrategikoetan sartzeko.

Gaurko jardunaldian azpimarratu denez, fabrikazio aurreratuak enpresentzat estrategia-aldaketa dakar beren ohiko fabrikazio-moduan, urte askotako ezagutza eta eskarmentua batzen baititu abangoardiako teknologia berriekin. Azken helburua da balio erantsi handiko produktu, osagai edo zerbitzu berriak sortzea. Horixe da Danobat, Goimek eta Makina Erremintaren Institutuaren (IMH) kasua, fabrikazio aurreratuaren eremura bideratutako berrikuntza-adibideak direlarik.

Jorratu den beste alderdietako bat erabilgarri dauden tresna ugariena izan da, euskal ETEak horietaz balia daitezkeelarik ildo teknologiko hauetan. Adibidez, Renove programa, industria-ekipamenduak berritzeko laguntzak; Industria Digitala industriazko ETEetan IKTak sartzeko laguntzak;  edo Hazitek, I+G-rako laguntza.

Sortu berriak diren beste programa batzuk oso erantzun ona ari dira lortzen. Honela, Basque Industry 4.0, industria-ikerketa eta garapen esperimentaleko proiektuak bultzatzekoa, edo BIND 4.0, 4.0 industriaren azelerazio-programa, jada emaitza positiboak ematen ari dira. Era berean, Basque Cybersecurity Centre berriaren ezaugarri nagusiak nabarmendu dira; zentro hau Arabako Teknologia Parkean dago eta jada bere lehenengo zerbitzuak emateko egoeran.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago