2050. urtean, jendearen %70 baino gehiago biziko da hirietan. Horrek esan nahi du jende-pilaketa ikaragarria eremu txikietan, eta ondorioz energia, ura, garraioa eta beste baliabide batzuen kontsumoa gehitu egingo dela. Siemens-en laguntzaz KPMGek egindako “4.0 Hirirantz: Espainiako Smart City-en analisia eta aukerak” azterlanak hiri adimendunak planteatzen ditu erronka horiei aurre egiteko irtenbide gisa, baita negozio-aukera handi gisa ere; zeren eta uste da 2020rako hiri adimendunen merkatuak 1.500 bilioi dolarreko balioa izango duela mundu osoan.
Nazio Batuek iragarri dute 2030ean 40 megahiri baino gehiago izango direla munduan, bakoitzean 10 eta 30 milioi biztanle artean biziko direlarik. Biztanleriaren pixkanakako gehikuntza hau kudeatu ahal izateko, baita zerbitzu-eskariaren gehikuntza ere, teknologia digitalak aliatu garrantzitsu bihurtzen dira baliabideak modurik eraginkorrenean erabili ahal izateko. Garapen-eredu iraunkor honi “smart city” edo “4.0 hiria” deitu zaio, hau da, bere biztanleen bizi-kalitatea hobetzen duena garapen iraunkorraren bidez, bere baliabide eta zerbitzuen kudeaketa eraginkor eta arduratsuaren ondorioz.
KPMGren azterketaren arabera, hirietan teknologia adimenduna inplementatzeari esker, udalek kostuak aurreztuko dituzte eta aldi berean ingurumenaren zaintza hobetuko dute. Adibidez, hiri-garraioan 3.100 eta 4.900 tona artean gutxituko dira isuritako kutsagarriak.
- Eraikinek %30 eta %50 artean murriztuko dute energia eta uraren kontsumoa, eta horrek esan nahi du 400 euro aurreztea m2 eta urteko.
- %20 gutxituko dira hirietako ur-galerak, eta ondorioz erreserbak hobetzeaz gain, urtean 244 milioi euro ere aurreztuko dira.
- LED teknologiak, Smart grid edo mugimendu-sentsoreak erabiliz, argiteria publikoaren energia-kontsumoaren erdia baino gehiago murriztuko da, eta horrela udalerriek 400 milioi euro inguru aurreztu ahal izango dituzte gaur egun gastatzen dituzten 740 milioietatik.
- Hondakin-kudeaketaren arloan, %20 eta 40 artean murriztu ahal izango dira kostuak, hau da, urtean 485 eta 970 milioi euro arteko aurrezkia, konponbide adimendunak inplementatuz zaborra batu eta tratatzeko.
Finantzaketa, lege-arazoak eta udalen berrantolaketa dira administrazio publikoek topatzen dituzten oztopo nagusiak “Smart” estrategia bat inplementatzerakoan.
4.0 hiri baten negozio-eredua eta bere lankidetza-eredu publiko-pribatua funtsezkoak dira Smart proiektuen iraunkortasuna denboran bermatzeko. Gainera, herritarren parte-hartzea bideratzeko beharrezko komunikazio-kanalak ezartzea proposatzen du azterketak.
Azkenik, azterlanaren arabera, Kopenhage, Amsterdam, Londres eta Bristol dira, ordena horretan, smart city erreferenteak.