Gaur, astelehena, 2017ko azaroaren 27a, historiako lehen ordenagailu-programatzailetzat jotzen den Ada Byron britainiar matematikari eta idazlearen heriotzaren 165. urteurrena oroituz, INSPIRA manifestua sinatu da Deustuko Unibertsitatean, eta bertan hartu du parte Innobasquek.
Ekitaldiaren aurkezpenean Mari Luz Guenaga izan da buru, INSPIRA Proiektuaren arduraduna, Deustuko Unibertsitatekoa, eta parte hartu dutenak Asier Perallos, Ingeniaritzako Fakultateko dekanoa, María Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru-diputatua, Inés Macho, Iberdrolako kontseilu-kidea, Ander Barreiro, BBKko idazkari teknikoa eta EAEko foru-aldundietako goi-mailako beste lagun batzuk.
Ekitaldiaren dinamikan neska-mutikoek ere hartu dute parte, gizarteko ordezkariekin eta proiektuaren bultzatzaile nagusiekin batera agiri edo manifestua sinatzeko. Agiria irakurri dutenak hauek izan dira: Marta Macho, Emakunde 2016 saria jasotakoa; Leire Cancio Orueta, Elhuyar-eko zuzendari nagusia; Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia; eta proiektuan parte hartu duten beste batzuk: Lorena Fernández, Ainhoa Iribarren edo Virtualware enpresako ordezkariak.
INSPIRA manifestua, ondoren ikus daitekeena, zientzia eta teknologiaren espazioa neskatila eta emakumeengana irekitzeko deia eginez hasten da.
INSPIRA MANIFESTUA
NESKEI ETA EMAKUMEEI ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN ESPARRUAK ZABALTZEN
Mundu global eta askotarikoan bizi gara, berdintasuna arlo askotan lortu gabe dagoen batean. Arduratu eta kezkatzen gaituen bat generoaren eta teknologiaren arteko etena da.
Frogatuta dago emakume gutxiagok aukeratzen dituztela lanbide teknologikoak, emakume gutxiagok egiten dutela lan mundu zientifiko eta teknikoan, garrantzi gutxiagoko postuetara heltzen direla emakumeak eta garrantzi eta maila bereko postuetan soldata baxuagoak jasotzen dituztela.
Horiek guztiak ez dira gertatzen gustu eskasagoa, gaitasun apalagoa, bokazio urriagoa edo jarduera maila apalagoa dutelako. Gizarte, kultura eta hezkuntza faktoreek ahalduntzen, aitortzen eta sustatzen dituzte emakumeak gizonak baino maila txikiagoan. Hezkuntza eta gizartea eraikitzeko erabiltzen ditugun estereotipoek, sozializazio prozesuek, genero rolek, ezkutuko matxismoek sinestarazten digute emakumeak ez direla hain gai eta horiek eragiten dute emakumeek aintzatespen txikiagoa izatea gizarte eta ekonomia mailan.
Errealitate hori aldatu egin daiteke, ordea, eta egitea garrantzizkoa da. Asko dugu jokoan. Eta gizarte osoari dagokigu lan hori, gizartea osatzen dugun pertsona eta erakunde guztioi. Adierazpen hau konpromiso bat da, adierazpen honekin bat egiten duten pertsona eta erakundeena, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde aktiboki lan egitekoa zientzia eta teknologia esparruan, ildo hauen bitartez:
1. Hausnartu eta berrikusi berdintasuna dagoelako uste faltsua. Berdintasun hori oraindik ez dela existitzen erakusten duten datuak ezagutu eta oraindik lan handia dagoela lortzeko konturatu.
2. Jendaurrean aitortu emakume eta gizonek gaitasun, eskubide eta erantzukizun berdinak ditugula eta aitormen bera merezi dugula.
3. Berdintasun falta horren ondorioak ezagutarazi eta lan egin ekimen positiboen beharraz gizartea kontzientziatzeko eta berdintasunik eza saihesteko, zientzia eta teknologia sistema arduratsua eta askotarikoa sustatuz.
4. Emakume zientifiko eta teknologoak agerian jarri, historian izan direnak eta egungoak, haien lana aitortu eta erreferente berriak eratzeko.
5. Gizarte mailako estereotipoei buelta eman, genero rolei buruzko usteak desmitifikatzeko; eta STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) arloetako lanbideen aukera zabalaren berri emateko.
6. Neskak animatuta, gai eta aitortuak sentituko diren gizarte eta hezkuntza ingurua sortu, etorkizuna inolako mugarik gabe aukeratu ahal izan dezaten.
7. Emakumeak ahalduntzen lagundu, hori maila guztietan lortzeko ekimenak garatuz.
Genero ikuspegiz lan egiteak berdintasuna bere osoan aztertzea dakarkigu. Ekimen hau abian jarri behar diren guztietan bat baino ez da. Beste jarduera batzuk ere aintzakotzat hartzeko gogotsu gaude, eta abiapuntu horretatik aurrera egin eta sakondu nahi dugu berdintasunean maila guztietan.