Gaur, FIRST LEGO League Euskadi txapelketa estreinatu duen ikasgelara sartu gara. LEGO piezak gainean dituen taula bat ikusi dugu, eta inguruan, 11 urteko neska-mutilak pilatuta. Neska batek robot bat dauka eskuan. Eztabaidan dihardute, robotak ibilbide bat erarik egokienean egiteko erabili beharreko estrategiarik onenari buruz. Beste neska-mutil batzuk arbelaren ondoan daude. Bertan, berrikuntza, ikerketa eta informazio-iturriak hitzak irakurri dituzte. Irakaslea ondo-ondoan dute, galderei erantzunez eta aurrerapenen errepasoa eginez, baina bigarren mailan kokatu da.
Egoera berbera aurki dezakegu Toledoko eskola batean, Michiganen, Txinan nahiz Hegoafrikan. FIRST LEGO League 88 herrialde baino gehiagotan finkatuta dagoen hezkuntza-programa da. Gazteengan bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea du helburu, talde-lana bezalako zeharkako gaitasunak garatzeko aukera eskaintzeaz gain. Alabaina, barneratzea, ezagutzea eta pentsamendu kritikoa bezalako balioen sustapena da ekimenaren osagai bereizgarria.
Ezagutu itzazu proiektuan parte hartzen duten ikastetxeek eta taldeek lortu ohi dituzten onurak, Bastidako Herri Ikastetxearen eta Burgeluko Tecnoclub-aren testigantzen bitartez.
“FIRST LEGO Leaguek aniztasunaren tratamenduari eman beharko litzaiokeen ikuspegi barneratzailea ahalbidetzen du, izan ere, neska-mutilen ekarpenak norberaren lekutik eta norberaren jakinduriatik egiten dira, eta ekarpen horiek elkarren arteko proiektu bat eraikitzeko erabiltzen dira”.
Bastidako Herri Ikastetxea
“Ezagutzera eta pentsatzera bultzatzen duen jakinminaren hazia ereitea da parte hartzearen arrazoia… etorkizunean ekarpenak egin eta bizitzan era autonomoagoan eta beteagoan molda daitezkeen herritarrak izan daitezen”
Burgeluko Tecnoclub-a
FIRST LEGO League Euskadi otsailaren 10ean jokatuko da Gasteizko Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian.