Global Innovation Day, Euskadiko berrikuntzaren erakusleihoa, Gipuzkoa aldera joango da lehendabiziko aldiz, enpresa txiki eta ertainei (ETE) zuzendutako jardunaldi batez.
Euskadin ETE bat dago 10 biztanleko, hau da, euskal ekonomiari eusten dioten 200.000 enpresa, eta horietako askok bizirik jarraitzeko nahiz gero eta eskakizun zorrotzagoak dituzten bezeroei hornitzeko, nahitaezkoa dute berritzea. Gero eta gehiago, enpresa trakziogileek ETE berritzaileak behar dituzte beraien eskakizunak betetzeko.
Testuinguru honetan, Innobasquek ETEei eskainiko die Global Innovation Dayren hurrengo edizioa, Euskadi barruan eta kanpoan emandako azken aurrerapausoak ezagutu eta enpresa horietan aplika daitezkeen soluzio berritzailerik egokienak azter ditzaten. Soluzio horiek ETEek eguneroko jardunean zehaztutako arazoei erantzungo diete.
Ekitaldia Kursaal Jauregian antolatuko da, eta bertaratutakoek doan parte hartu ahal izago dute aukerak identifikatzeko hitzaldietan edota ETEen beharrei erantzuteko moduko soluzioak bilatu eta partekatzeko tailerretan, eta berrikuntzaranzko bidean eman beharreko pausoetarako erakundeei orientazioa eta laguntza eskainiko dieten eragileen parte-hartzeaz, bertatik bertara ezagutu ahal izango dute Euskadiko berrikuntza-ekosistema. Ekimen honen bitartez, berritzeko balia ditzaketen laguntza eta tresnei buruzko informazioa helarazi nahi zaie industria arloko enpresei nahiz tradizionalki berritzaileagoak izan diren beste sektore batzuetakoei. Global Innovation Dayk enpresak eragile horiekin harremanetan jarriko ditu, behar espezifikoetarako soluzioak eskain diezaizkieten.
Ekitaldian, gainera, Innobasquek landutako Euskadiko berrikuntza txostena aurkeztu eta dokumentu honetan kritikotzat jo diren gaiei buruzko eztabaida-panela antolatuko da.
Global Innovation Dayren ondoren, Innobasqueren urteko batzarra egingo da Iñigo Urkullu Lehendakariaren parte-hartzeaz.
Gogoan izan. Ekainaren 13an, hitzordua duzu Euskadiko ETEei zuzendutako Global Innovation Day 2018 berrikuntza-topaketarekin.