Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi Estrategia aurkeztu du gaur, Innobasqueren laguntzaz diseinatua (STEAM zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta humanitateak, eta matematikaren akronimoa da ingelesez). STEAM estrategiak zientzia eta teknika arloko hezkuntza eta prestakuntza bultzatu nahi ditu hezkuntza-etapa guztietan. Gainera, STEM bokazio eta helburu profesionalak inspiratu nahi ditu, arreta berezia jarrita neskengan, eta zientzia-kultura sustatu gura du gizartean.
STEAM Hezkuntzak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika integratzen ditu arteekin eta humanitateekin lotuta. Honela, oinarrizko gaitasunak garatuko dituzte ikasleek, eta aukera emango die arduratsu aurre egiteko gizartearen erronkei. Ikasteko eredu honek lan-merkaturako prestatuko ditu gazteak; izan ere, merkatuak jakintza-arlo hauek hobeto ezagutzea eskatuko die, baita sormenez erabiltzeko gaitasuna ere, taldean lan eginez, hipotesiak ikertuz eta hainbat mediotako informazioa aztertuz.
Horren haritik, Innobasquek FIRST Lego League Euskadi sustatzen du; ekinbide honetan urtero 1.200 euskal ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte eta zientziarekiko eta teknologiarekiko ikasleen interesa piztea bilatzen du. Erabateko STEAM ikuspegia duen jarduera da, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen ekintzen artean dago. STEAM Euskadi Estrategian badira beste ekintza batzuk ere, euskal ikasleak zientzian eta teknologian gaitzen lagunduko dutenak, eta hau funtsezko elementua da Euskadiko ekonomiaren eta gizartearen garapenerako.
Bestalde, Estrategiarekin batera web didaktiko bat dago, eta bertan STEAM Hezkuntza zer den azaltzen da, STEM ikasketak aukeratzen dituzten euskal ikasleen azterketa kuantitatiboa egiten da, baita nazioarteko hiru STEM estrategiaren (Herbeheretako, AEBetako eta Erresuma Batukoaren) analisi kualitatiboa ere. Gainera, martxan dauden STEAM ekintzen zerrenda dago, baita eskala bat ere, STEAM ikuspegia sartu nahi duen edozein hezkuntza-proiektuk bete beharreko 6 ezaugarriekin.
+ info: http://www.steam.euskadi.eus